BAT FORMULA | Monakoko Sari Nagusia
Begi guztiak izango dira Ferrariei eta zeruari begira
Massak lortu zuen «polea», Raikkonenen aurretik. Iragarrita dagoena, euria.
GARA | MONTECARLO
Ferrari etxeko Felipe Massa eta Kimi Raikonnen izango dira Monakoko Sari Nagusiko lasterketan aurreneko lerrotik irtengo diren bi gidariak. Orain bi aste Turkian nagusitu zen brasildarrak orain arte Monakon egin dituen lasterketetan ez du emaitza onik lortu baina atzoko entrenamendu ofizialean bere taldekide finlandiarrak baino hiru ehuneneko gutxiago behar izan zuen itzulia osatzeko, eta markarik onena lortu zuen. Ferrarien atzetik, bigarren lerroan, McLaren autoak sailkatu ziren; Lewis Hamilton britainiarra denbora onenetik gertu ibili zen eta Heikki Kovalainen taldekidearen aurretik irtengo da gaurko lasterketan.
Bat Formula txapelketako lasterketa guztietan oso garrantzitsua da «polea» eskuratzea lasterketan garaipenetik hurbil ibiltzeko. Baina nonbait premia handikoa izatekotan, Monakoko Sari Nagusian da. Izan ere, lehen lerrotik irten den gidariak irabazi ohi du lasterketa hau, eta borroka horretan, oraingoz, Ferrari etxekoak izan dira nagusi. Hala ere, gaurko probarako euria iragarri dute eta horrek lasterketa goitik behera alda lezake. Esperantza horrekin abiatuko dira Ferrari eta McLaren autoen atzetik irtengo diren gainerako gidariak.
Ezustekoa ematen saiatuko den lehena Robert Kubica izango da. BMW-Sauber etxeko gidari poloniarrak bosgarren markarik onena egin zuen, eta Nico Rosbergerrekin batera izango da irteerako hirugarren lerroan. Fernando Alonso asturiarrak arazoak izan zituen kanporaketetako azken txandan sartzeko baina, azkenean, zazpigarren denbora egin zuen, Jarno Trulli italiarraren aurretik. David Coulthard gidari eskoziarrak, berriz, istripua izan zuen bigarren kanporaketan eta Red Bull-Renault autoa txikituta geratu zen. Hala ere, hamargarren geratu zen eta irteerako bosgarren lerroan izango da Mark Webberren atzean.