GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ETA-ren agiria Euskal Herriari

 


Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, honako ekintza hauek hartu nahi ditu bere gain:

- Maiatzaren Lehenean, Donostian, Osalanek Egiako auzoan duen egoitzaren kontra lehergailuz eginiko ekintza. Zartarazitako bi bonbek kalte handiak eragin zituzten.

- Maiatzaren Lehenean, Arrigorriagan, Espainiako Lan Ministerioak duen pabiloiaren kontra lehergailuz eginiko ekintza. Leherketak kalte material handiak eragin zituen.

- Maiatzaren 14an, Legution, Guardia Zibilaren kasernaren aurka bonba-autoz buruturiko ekintza. Ondorioz, Juan Manuel Piñuel Villalon guardia zibila hilik gertatu zen, eta indar okupatzaileen beste lau kide zauriturik. Halaber, kalte handiak izan zituenez, eraikina eraitsi beharko dute.

- Maiatzaren 19an, Getxon, «Club Marítimo del Arga»ren egoitzaren kontra bonba-autoz eginiko ekintza. Eztandak kalte material handiak eragin zizkion eraikinari.

Erakundeen axolagabekeriaren edota konplizitatearen erruz, langileriak prekarietatea eta lan istripuak pairatzen dituen bitartean, gutxi batzuek gero eta aberastasun gehiago metatzen dute. Zapalkuntzaren beste aurpegi bat dugu, aurpegi egiazki okaztagarria. Batzuen diru eta botere goseak bidegabekeria du ordaina herritar askorentzat. Halaber, aseezina dirudien diru eta botere gose berberak itsuturik, gaur egungo agintariek Euskal Herriaren eta euskal herritarren geroa luzerako baldintza lezaketen proiektuak inposatu nahi dituzte. Abiadura Handiko Trena dugu adibiderik adierazgarriena, herri sektoreen iritzia kontuan hartu barik eta egitasmo horren kontrako protestak mehatxuz isilaraziz burutu nahi baitute. Eztabaida irekiaren eta herriaren hitzaren beldur dira honetan ere.

Zapalkuntza eta inposizioa iraunarazteko, okupazio indarrez josi dute Euskal Herria. Milaka mertzenario armadun ekarri dituzte askatasuna kateatzeko, eta jardun horretan bat egin dute bertako mertzenarioek ere. Ordezkari politikoen eta hedabideen erabateko babesarekin, indarkeria mugarik gabe erabiltzen dute, tortura testigantzek berriki azalarazi dutenez.

ETA zapalkuntzari aurre egiteko sortu zen, eta gaur egun ere konpromiso horri darraiogu, independentziari eta sozialismoari bidea irekitzeko ahaleginean. Euskal Estatua sortzea dugu helmuga, Euskal Herriaren eta bere herritarren garapen osoa ahalbidetuko duelako. Pertsona eta eragile asko egiten ari da beharrean norabide berean, bakoitza bere ahalen eta ikusmoldeen arabera. Denak dira beharrezko. ETAk, bere aldetik, helburu hori lortzeko ekarpena egiten jarraituko duela berretsi nahi du.

Ez gaitu harritzen zapalkuntza oinarri duten bi estatuen lehentasunetako bat ETAko militanteak eta arduradunak ehizatzea izateak. Horixe adierazi dute Bordeleko operazioarekin. Estrategia errepresiboaren osagai garrantzitsua da, baina ez bakarra. Benetako aldaketa politikoren alde ari diren eragileak eta borroka egiten duten guztiak kolpatzen ditu estrategia horrek, askapen mugimendua ito dezakeelakoan. «Demokrazia» ustelak mozorroa ere kendu du horretarako.

Oker dabiltza. Arazoaren muinak erantzun egokirik ez badu, gatazkak jarraituko du, eta orain arte bezala borrokatzera behartuko gaituzte, ez baitiogu gure erantzukizunari bizkarra emango. Ez errepresioak ez ondoren etor litezkeen iruzurrek, erreforma autonomikoz jantzita, ez dute konponbiderik ekarriko. Aurpegia gorritzeko modukoa ere bada PNVren eta PSOEren arteko jokoa. Hauteskundeengatik ari dira errietan orain, Ajuria Eneako eserlekua nork eskuratuko duen lehia petralean. Alderdikeriak ustelduta, erabakitzeko eskubidea bera itxuragabetzeko lotsa izpirik ere ez dute batzuek. Alabaina, PSOEk eta PNVk mugaz beteriko etorkizun iluna baizik ez dute eskaintzen. Ez dute ganorazko ezer proposatzeko, ez horiek, ez eta Nafarroan aldaketa agindu zuen eta gaur egun, berriz, Foru Hobekuntzaren gerizpean bizi den NaBai-k ere. Zer esanik ez Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan aitorpen instituzionalaren ordez, sasi-erakundeak eta plangintza hutsalak aurkezten dituzten beste horietaz. Hori bai, euren egitasmo zitalek aurrera egin dezaten, horietako gehienek bat egiten dute ezker abertzalea jipoitzeko eta baztertzeko orduan.

Autodeterminazioaren eta lurraldetasunaren gakoei erantzun egokia emango dien marko demokratikoak soilik eraman gaitzake gatazka gainditzeko bidera. Marko demokratikoa behar dugu, oinarrizko eskubide guztiak bermatuko dituena; aukera politiko guztiak bideragarri egin eta, honenbestez, independentzia lortzea ahalbidetuko duena; nazio eraikuntzari garapen handiagoa eman ahal izateko benetako botere politikoa eta ezinbesteko eskuduntzak bilduko dituena; nazio aitorpenaz hornituriko autonomiaren bitartez, Hego Euskal Herriko lurralde batasuna eta Ipar Euskal Herriko instituzionalizazioa ahalbidetuko dituena.

Anartean, Euskal Estatuaren sorrera iparrorratza dugula, urratsak egiten jarraitu behar dugu egunerokoan, herri egiten gaituzten zutoinak landuz eta eskubideen alde zein zapalketaren aurka borroka azkartuz, deblauki. ETAk euskal herritarrei dei egin nahi die gure Herriaren alde lan egin dezaten, orain arte egindako guztiak hurbilago jarri baitu askatasuna eskuratzeko aukera. Lortuko dugu!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Jo eta ke independentzia lortu arte!

Euskadi Ta Askatasuna

                 ETA

Euskal Herrian, 2008ko maiatzaren 26an

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo