GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz www.elomendia.com

Biba zuek, nepaldarrak!

Bai, ados, inportanteak dira Gasteizko Gobernuak proposatutako galderak, baina gaur Nepali buruz idatzi nahi dut. Ibarretxeren planek aspertuta naukate, aspaldidanik gainera, eta hauteskunde aurreko zirkuek nazka ematen didate. EAJk (Ibarretxe barne) aukera ederra izan zuen erabakitzeko eskubidea defendatzeko eta PSOEri hortzak erakusteko konponbide prozesuan, eta, zer egin zuten? PSOErekin lerrokatu ziren erabakitzeko eskubidea bermatuko zuen egitasmoari ateak ixteko. Zer nahi dute oraingo aldarrikapen oportunista eta faltsuekin?

Esan bezala, nahiago dut Nepalgo gertaerei erreparatzea. Errege bati jauregitik alde egiteko epea jartzea bizitzako plazerrik handienetakoa delakoan nago. Horixe egin berri dute nepaldarrek, erregeari botereak kendu dizkiote eta, argi utzi diote etorkizunean ez dela izanen beren estatuburua. Zein pozgarria horrelako prozesu bat bizitzea! Erregeari kaleko atea erakustea, koroa kentzea, titulu eta tratu berezi guztiak zakarrontzira, akabo monarkia! Hori bai gozamena, erregea langabeziara bidaltzea! Eta ez odol isurketa erraldoi baten erdian, baizik eta nahiko lasai. Egia esan, nepaldarrek denetarik jasan behar izan dute oraingo egoerara iristeko; odola barra-barra isuri da han, baina orain hauteskundeen emaitzek ireki dute aldaketarako bidea, eta demokratikoki eman diote bukaera monarkiari.

Zoritxarrez, ez zen egin Francok izendatutako erregearekin nepaldarrek egin duten gauza bera. Ez zen benetako trantsizio demokratikorik egin eta, besteak beste, euskaldunon eskubideen urraketak mantendu eta areagotu ziren. Urkulluk gustukoa du egin beharreko bigarren trantsizioaz hitz egitea baina, zertarako, lehena errepikatzeko? Espainiar eredu gisa aurkeztu dute munduan barna, baina bistan da zer ekarri duen. Zergatik ez aintzat hartu Nepalgo eredua? Munduko monarkia guztiak deuseztatzea nahiko etikoa litzateke, egia esan! Erregimen injustu bati amaiera emateko bidea haustura da, ez jarraipena.

Ez gara nepaldarrak, alta, eta erabaki libre eta askatzaileak ezin harturik, erreforma onartu zuten jeltzaleen maniobren lohian ito nahi gaituzte. Ai, Nepal maitea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo