Jaialdi erraldoi batekin gaur bukatuko da AHT Gelditu!k antolatutako Gelditourra
GARA | DONOSTIA
AHT Gelditu! Elkarlanak azken asteetan Euskal Herriko eskualde zein herri desberdinetan izandako Gelditour bukatuko da gaur. Ekimen honekin AHT proiektuak kaltetuko lituzkeen herrietan informazioa zabaldu dute.
Hala, Gelditour bukatzeko jaialdi erraldoia antolatu dute Donostian eta Usurbilen. Donostian, 11.00etatik aurrera, eta Alde Zaharrean barrena, herri kirolak, bertsolariak, sagardo gunea, kale animazioa, Txan Magoa eta herri bazkaria izango dira. Ondoren, 17.30ean, manifestazio nazionala deitu dute Bulebarretik abiatuta. Usurbilen, aldiz, 20.30ean Su Ta Gar, Etsaiak, Kaotiko eta Naizroxa taldeek joko dute. Eta ondoren, Dj Bull eta Garraxi erromeria taldeak izango dira. AHT Gelditu! Elkarlanekoen hitzetan, Gelditourren xedea «AHT gelditu eta herritarrei hitza emateko exijitzea» da. «Herriz herri eta eskualdez eskualde, instituzioek ezkutatu duten informazioa kaleratu, AHTren aurkako aldarria zabaldu eta inposizioaren aurka eta herri eztabaidaren alde indarrak biltzeko bitartekoa da».
Gelditour maiatzaren 4an abiatu zen Kortes-etik. Espresuki horretarako prestatu kamioiak herri eta eskualde kaltetuetan barna ibili da, zenbait lekutan makroproiektuaren bultzatzaileek trabak ezarri nahi izan dizkieten arren: Tuteran, Barañainen, Atarrabian, Iruñean eta Gasteizen, kasu. Dena den, ekimena «oso positiboki baloratzen» dute.