GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Bea Arana Ortiz AHTren aurkako asanbladako kidea

Abiadura Handiko Trena, zentzugabekeriaren gaindia

Enpresaburu kapitalistak dira etekin ekonomikoak lortzen dituztenak langile atzerritarren esplotazio eta zapalkuntzari eta bertakoon bizi eta lan baldintzen kaskartzeari esker

Lanen ondorioz, Euskal Herriko paisaiak eraldatzen ari direla begi bistan dago. Zelai berdeak, basoak, errekak eta mendixkak lur horiko ebakiek, garabiek, hondeamakinek eta zutoin erraldoiek ordezkatzen dituzte edonon. Zirrikituz eta bihurgunez beteriko orografia aberatsa asfalto grisa eta aspergarria bilakatuko da betiko.

Lanak, lanak, lanak. Behobia-Etxalar errepidearen zabaltze lanekin Bidasoa erreka suntsitzen, Oiartzungo eta Astigarragako bailara paregabeak bigarren zinturoiaren lanen azpian desagertzen, Urumeako saihesbidea Urumea ibaia desitxuratzen, Durango-Beasain autobia mendiak eta bailarak hankaz gora jartzen, Eibar-Gasteiz autopista bailara ezin ederragoak txikitzen, A-8ren zabaltze lanak txikizioa bi alboetara hedatzen, Super-Sur versus Pagasarri... eta abar eta abar.

Politikariek askotan erabiltzen dute lanpostuak sortzearen aitzakia azpiegitura hauen komenigarritasunaz konbentzitzeko, baina lan hauek ez dute lan duinik ekartzen Euskal Herrira. LAB sindikatuak berriki salatu duenez, bigarren ingurabidearen lanetan diharduten langileek esklaboen baldintzak pairatzen dituzte. Atzerritarrak dira, eta Portugalen bertan kontratatzen dituztenez, Portugaleko hitzarmena aplikatzen diete. Ondorioz, gutxi ordaintzen diete, lanaldi luzeegiak eta jarrera arrazistak sufritzen dituzte, eta hori dena gutxi balitz, ahoa irekitzeko beldurrez bizi dira, beren herrira bueltatzeko mehatxupean baitaude.

Egoera lotsagarri honen erantzuleak Altuna eta Uria, Moyua eta Amenabar enpresak dira, Abiadura Handiko Trenaren zati batzuen lanen esleipenak lortu dituztenak, hain zuzen ere.

Aipatu azpiegitura hauek hemengo langileen lan eta bizi baldintzekin harreman estua daukate. Biztanleok metropoli handietan kontzentratzen gaituzte herriak xurgatzen ditugun bitartean. Etxetik lanerako distantziak inoiz baino luzeagoak dira eta azpiegitura horiei esker azkar joaten garela iruditzen bazaigu ere, inoiz baino denbora gutxiago dugu guretzat. Baserriak, lurra eta, ondorioz, bizimodu asko eta asko lanen azpian desagertzen dira, guztion elikagai subiranotasuna kolokan geratzen den bitartean. Lan baldintzak kaskartzen dira langileok eskubideak galtzen ditugunean. Kotxe eta kamioi kopurua hazi egiten da CO2 mailarekin batera.

Hala ere, azpiegitura hauek «herrikoitzat» jotzen dituzte batzuek langileok erabiltzen ditugula argudiatuz. Baina arestian ikusi dugun bezala, enpresaburu kapitalistak dira etekin ekonomikoak irabazten dituztenak langile atzerritarren esplotazio eta zapalkuntzari eta bertakoon bizi eta lan baldintzen kaskartzeari esker. Eta AHT da zentzugabekeriaren gaindia. Trena baino lur gaineko hegazkin honek hiriburuak besterik ez lituzke lotuko herriei kalte itzulezinak eraginez. Exekutiboentzat pentsatutako egitasmoa.

Ordizian AHTren lanak hasi dituzte. Eta ez nolanahi, gainera: duela hiru aste eskas herritarrek aurkeztutako 2.000tik gora alegazioei erantzunik eman gabe, lurjabeei xantaia eta presio eginez, irregulartasunekin, aktak jaso gabe, lanen inguruak poliziaz betez, bertakoei Mariaratseko bailaran ibiltzea debekatuz.

AHTren lanak bertan behera uzteko exijitzera joango garen askok jendarte eredu txikiago, motelago, justuago eta deszentralizatuago baten aldeko aldarria egingo dugu gaur Donostian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo