GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Demokrazia eza» salatzeagatik hainbat lagun kanporatu dituzte Donostiako udaletxetik

GARA |

Donostiako udaltzainek hainbat lagun kaleratu zituzten atzo goizean udaletxetik. Udalbatza ospatzen ari zela testu bat irakurri nahi izan zuten, Udalean dagoen «demokrazia gabezia» salatu eta herritarren borondatea errespetatu dezatela eskatzeko.

«Demokrazia zero» zioten kartelak zeramatzatela «Euskal Herriarentzat Demokrazia» aldarrikatu zuten. Udaleko alkateordeak, Susana Corcuerak, herritarrak kaleratu zitzan agindu zien udaltzainei.

Udaletxe barruan egiten utzi ez zieten protesta kanpora eraman zuten eta dozenaka lagun batu zitzaizkien «Donostian demokrazia zero. Herritarron hitza errespetatu» zioen pankartaren atzean.

Agustin Rodriguez, ezker abertzaleko kideak salatu zuen, udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik urte bat pasa denean «oraindik PPk, PSOEk eta PNVk Udalean ez dagozkien hiru zinegotzi kargu mantentzen» dituztela.
 

Horrez gain, EBri «PSEren udal gobernuari gehiengo ilegitimoa eman izana leporatu zion. «’Mozio etiko’ deitzen dituzten horiekin gainera herriak eman ez dienaz jabetu nahi dute», salatu zuen. «Etikaz eta demokraziaz oso gutxi ikas dezakegu, demokrazia errepresentatiboaren oinarrizko printzipioa ere errespetatzen ez dutenen aldetik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo