Top 14
Biarritzek azken aukera du bere helburua lortzeko
Zuri-gorriek Bourgoin mendean hartu beharko dute, aurreneko lauretan sartu eta finalerdiak jokatzeko ametsari bidea egin nahi izanez gero
Jon LEUNDA | BAIONA
Top 14a amaitzeko hiru jardunaldi besterik ez dira geratzen, eta Biarritzek eta Avironek gaur jokatuko dituzte beren norgehiagokak. Biarritzek oraindik laugarren postu hori lortzeko ametsari heltzen dio, eta Avironek, berriz, mailari eusteko txartela segurtatu nahi du.
Biarritzek gaur bertan segurta dezake datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela. Bourgoin hartuko du 17.30etik aitzina Agilera estadioan. Zuri-gorriek, ordea, oraindik lehenengo lau postuetan sartzeko ametsa ez dute galdu. Une honetan hiru puntutara dute postu hori, hantxe baitago kokatuta Perpinya taldea. Bertan, berriz, Castres dago, eta talde horrek bi puntuko aldea kentzen dio Biarritzi.
Lapurtarrek irabazi egin behar dute, eta beste emaitzen zain egon, baina, hasteko, puntuak launaka batu behar dituzte, eta bosnaka baldin bada, askoz hobeto. Hala ere, gaur, Perpinyak oso partida erraza dauka, Auchen aurka jokatuko baitu, eta frantziarrek jadanik mailari eusteko aukerak galdu dituzte.
Biarritzek berak ere, ordea, ez dauka neurketa errazik, Bourgoin talde arriskutsua baita. Zortzigarren postuan daude, eta ez dute ezer jokoan izango. Halako taldeak, ordea, sarri arriskutsuak izaten dira. Hala ere, Biarritzek ezin du alferrik galdu aukera, eta gaur, gutxienez lau puntuak batu behar ditu, bestela huts galanta egingo dute, eta finalerdietarako txartelak betirako ihes egingo die. Zuri-gorriek denboraldi kaskarra egin dute, eta gauzak joan diren bezala Heineken Koparako sailkatzea lortzea ere ez legoke gaizki, baina Biarritzen denek nahi dute gehiago.
Aviron
Avironek, aldiz, mailari eusteko txartela segurtatu nahi du. Matematikoki oraindik ez dute mailari eusteko aukera hori erabat segurtatu. Gaur bi aukera izango ditu hori lortzeko. Irabaziz gero, berdin izango da Akizek zer egiten duen, Avironek bi jardunaldiren faltan segurtatuko bailuke txartela.
Galduta ere izango du hori lortzeko parada, baina horretarako, Akizek galdu egin beharko luke. Avironek puntu gehigarria lortuta ere, Top 14an jarraitzea segurtatuta izango lukete baionarrek. Zuri-urdinek gaur Albirenean jokatuko dute 17.30ean, eta etxeko taldeak oraindik maila galtzeko arrisku handian dago, eta Aviron mendean hartzea garrantzitsua da beraientzat.