GARA > Idatzia > Editoriala

Preso gaixoak, gabezia demokratikoen froga

Asteazkenean Etxerat euskal preso politikoen senideen elkartearen ordezkaritza bat hainbat parlamentari eta legelari europarrekin bildu zen Bruselan beren senide presoek jasan behar duten egoera larriaren berri jakinarazteko. Astea bukatu gabe, atzo, amnistiaren aldeko mugimenduak Mikel Ibañez elgoibartar presoaren osasun egoeraren berri eman zuen. Alarma jotzeko moduko egoera. Joan den hilean koma hipogluzemikoan sartu eta Madrilgo Gregorio Marañón ospitalera eraman zutenean, barrabiletako minbizia antzeman zioten. Ibañezek, gainera, psoriasia eta diabetea ere baditu. Haren osasun egoeraren gaineko berri hau Euskal presoen senideek orain dela hiru egun Bruselan salatutakoa egiaztatzeko modu tragikoa da.

Alarma pizteko moduko egoera da, izan ere, preso elgoibartarrarena, baina Madrilgo eta Parisko espetxe politikak ez du halako egoera gordinen burrunba entzun nahi. Hitzetik hortzera darabilten xantaia hitzaren adibiderik argiena dira euskal preso gaixoei eta oro har euskal preso politiko guztiei ezarritako bizi baldintza gogorrak. Alderdi politiko gehienek azken boladan ahotan darabilten etikaren ikuspuntutik ere, aski argigarria da babesgabeen dagoenari, giltzapean eta gaixorik dagoenari, gobernuko alderdien interes politikoen araberako trataera ematea, indarrean diren legeak urratzeraino.

Herritar guztien giza eskubideak zorrozki errespetatzea zuzenbide estatuaren lehen betebeharra da, eta errespetu hori, estatuen kalitate demokratikoaren erakusle nagusia. Estatu espainola eta frantsesa, bistan da, kalitate kaskarra erakusten ari dira, zuzenbidea mendeku bihurtuta. Instituzioen gabezia demokratikoa dela eta, gizarteak egoeraren gordintasunaren kontzientzia hartu eta hori salatu egin behar du, estatuetako gobernuak nabarmen utzi, eta Gasteizko Legebiltzarrari, esate baterako, sakabanaketaren kontrako mozioak onartu, eta bertan goxo egitea ez dela aski argi utzi. Gaixotasun larriak dituzten hamahiru euskal presoen zerrenda, besterik ez balitz ere, bada horretarako nahikoa motibo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo