Kontseiluarentzat EEPk Ģirizpide argirik gabeģ banatu ditu aurtengo dirulaguntzak
«Desoreka, gardentasun eza eta irizpide eskasa» erabili ditu, Kontseiluaren ustez, Euskararen Erakunde Publikoak aurtengo egitasmoei laguntzak banatzeko orduan, «hizkuntza politika eraginkor baten kaltetan».
Arantxa MANTEROLA |
Joan den astelehenean iragarri zituen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) aurtengo 1,34 milioi euro nola banatuko dituen. Horren karietara, Kontseiluak bere balorazioa egin zuen atzo, Baionan eginiko agerraldian.
Ione Josiek adierazi zuenez, «ez da ezustekorik izan: iazkoen oso paretsuak dira eta diruz lagunduko dituzten egitasmoak, oro har, berberak dira. Baita proportzioa ere».
Hain zuzen ere, izandako «desoreka» nabarmendu zuen, «bai atalen artean, bai proiektuen artean». Josieren esanetan, EEPk iragarri zuen «eragile nagusiak» izango zirela laguntza handiena jasoko zutenak baina, hiruzpalau irizpide orokor kenduta, «ez zen atal bakoitzean irizpide zehatzik finkatu, ezta banatuko den diru kopurua bera ere». Ondorioz, «harmonia» gabe egin da banaketa.
Zein egitasmo bultzatuko diren aldez aurretik ez jakiteak eragin du hainbat ataletan ekimenak aurkeztu ere ez izana. Horrela, Kontseiluaren iritziz, euskara eguneroko bizimoduan sustatzeko edota esparru sozioekonomikoaren normalizazioa bultzatzeko egitasmoak, esaterako, ez dira garatu irizpide falta horren erruz.
EEPk eta Lakuak
Era berean, Administrazioko funtzionarioak euskalduntzeko edota herriko-etxeetako funtzionamendurako tresnak sortzeko laguntzarik ez du aipatu ere egin EEPk. Hori bera gertatu da euskararen normalizazioa bultzatzeko egitasmoekin, ez baita ezer aurkeztu.
Gainera, EEPk aurreko urteko banaketak ebaluatu ez izana «kaltegarritzat» jo zuen «jokaera horrek euskararen laguntzak trikimailu bilakatzeko arriskua dakarrelako».
Bestalde, Kontseiluak uste du kontusail batzuetan «euskararekin baino beste elementu kulturalekin zerikusia duten egitasmoak nahastu» egin direla. Hiz- kuntza politika «eraginkorra, orekatua eta estrategikoa» izan dadin, «gardentasun gehiago, dirulaguntza handiagoak eta orekatuagoak» lantzea eskatu zion Kontseiluak EEPri, eta euskalgintzan jarduten duten eragileekin elkarlana sustatzea eta euskarak estatus juridiko egokia eskuratzeko lan egitea ere bai.
Aurten 1.340.000 euro banatuko dituzte 78 egitasmoren artean. Zenbateko horretan dago Lakuak jarritako 460.000 euro. Laguntza handiena (bi heren) Seaskak, AEK-k, Uda Lekuk eta Euskal Irratiak jasoko dute.