TXIRRINDULARITZA
Iazko ikuskizuna errepikatzea espero dute Euskal Bizikletaren antolatzaileek
GARA | BILBO
Goi mailako txirrindularitza Euskal Herriko errepideetara itzuliko da datorren astean Euskal Bizikletaren eskutik.
UCI ProTourretik kanpo geratu ondoren nolabaiteko moldaketa bizi du lasterketak, baina esperientzia ez da txarra izan eta iazko ikuskizuna errepikatzea espero dute antolatzaileek, atzo Bilbon egindako aurkezpenean esan zutenez.
Helburu horri ekiteko, parte hartze polita lortu dute. 13 talde arituko dira gure errepideetan; hiru ProTourrekoak izango dira (Euskaltel, Caisse d'Epargne eta Saunier Duval), zortzi Profesional mailakoak (Andalucia, Contentpolis, Karpin, Extremadura, Acua&Sapone, Barloworld, Flaminia eta Tinkoff) eta gainerako biak, Kontinental mailakoak (Orbea eta Burgos).
Steffano Garzelli eta Igor Anton izango lirateke faborito, batez ere, azken etapa nolakoa den kontuan hartuta. Ekainaren seian Bakion egongo dira beste hauek ere, Egoi Martínez, Amets Txurruka, Koldo Fernández de Larrea, Luis León Sánchez, Iker Camaño, Iban Mayoz, Aitor Pérez Arrieta edota Mikel Nieve -honek badaki Eibarren irabaztea zer den, Valenciaga Oroitzarrea eskuratu baitzuen iaz-, besteak beste.
Etapei dagokienez, hiru izango dira berriro ere. Ekainaren 6an lehena, Bakion irten eta amaituko dena, 154 kilometrotakoa eta azken txanpa Sollubeko mendatean duena; bigarrena, Agurainen, 162 kilometrotakoa eta esprinterrentzat aproposa; eta azkena, Eibar eta Arrate artekoa, 100 kilometrotakoa, ohiko zailtasunak dituena.