Goi mendiko ibilbideak Anetoko Ultra-Trail
Maladeta eta Aneto artean, autonomia osoz
Uztailaren 19an eta 20an jokatuko da Anetoko Ultra-Trail ekimenaren lehenengo aldia. Parte-hartzaileek 62 kilometroko ibilbidea 24 ordu baino gutxiagoan egin beharko dute.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Azken urteotan, mendia zein natura gero eta ekimen berri gehiago jasotzen ari dira beren baitan. Ohiko jarduerei beste batzuk gehitu zaizkie; ia gehienak lehia ardatz dutenak. Raid-ek edo «abentura lasterketek», mendi lasterketek, mendiko bizikleta lasterketek, orientazio lasterketek... bistakoa denez, den-denek lasterketa dute oinarri. Mendizaletasunetik urruntzen ari diren jarduerak dira, nahiz eta harekin nolabaiteko lotura baduten. Onak ote diren? Eztabaida gutxi egin da gai honen inguruan, eta asko eta asko dira hausnarketa sakona eskatzen duten aldeak.
Hitzorduak non-nahi eta noiznahi ditugu, eta lerro hauetara dakarguna ere norabide berekoa da. No-limit enpresakoek ekimen berri bat aurkeztu dute: Anetoko Ultra-Trail. Gure ingurumarian gutxi dira ezaugarri horiek dituzten deialdiak eta, azken hau hobeto ezagutu ahal izateko, antolatzaileek horren berri eman digute: «Uztailaren 19an eta 20an jokatuko da, eta asmoa da parte-hartzaileek Maladetako mendiguneari zein Anetori itzulia ematea. Goi mendiko 62 kilometroko trail bat da eta guztira 4.600 metroko goranzko desnibela gainditu behar da; hori bai, 24 ordu baino gutxiagoan eta autonomia osoz. Azken ezaugarri horrek esan nahi du jatekoa, edatekoa eta arropa guztia kirolariak berak eraman behar duela gainean. Batzuek lasterketa bezala hartuko dute eta, beraz, korrika egiten saiatuko dira. Beste batzuk, aldiz, iraupen luzeko ibilaldiaren formatuan oinarrituko dira».
Uztailaren 19an, 12.00etan irtengo dira Benasque-tik, eta herri berean izango dute amaiera ere, baina uztailaren 20ko 12.00ak baino lehen iritsi beharko dute helmugara. Oso ibilbide erakargarria izango dute aurretik; izan ere, Posets-Maladeta Natur Parkearen hainbat alderditatik igaroko dira. Bidexken zein bideen %50 2.000 metrotik gora daude, 2.400 metrotik gora dauden hiru lepo gainditu beharko dituzte, puntu garaiena Salenques-ko lepoa izango da 2.807 metrora, Erdiko Pirinioetako zazpi bailara zeharkatuko dituzte (Benasque, Barrancs, Salenques, Anglos, Llauset, Llosas eta Ballibierna) ...oro har, goi mailako ibilbidea izango du Anetoko Ultra-Trail ekimenaren lehenengo ekitaldiak.
Autonomia osoa
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ezaugarri berberak dituen lehenengo ultra-trail edo iraupen luzeko probaren funtsa berreskuratu nahi dute: «Izaera bereko lehenengo deialdia 1999an izan zen eta, geroztik Mont Blanc-eko Ultra-Trail edo Grand Raid du Cromagnon bezalakoen arrakasta ikusita, guk ere antzeko bat atontzea adostu genuen. Aipatutako azken proba hori autonomia osoz egin behar da eta ezaugarri horri garrantzia eman nahi diogu. Horrela, jatekoa, edatekoa, arropa, tresnak... kirolari bakoitzak eraman beharko ditu bizkar-zorroan. Jakina, ez da anoa posturik izango. Ura, adibidez, ibilbidean zehar aurkitutakoa hartuko dute. Probaren hasieran, nahitaez eraman beharko dute gainean gutxienez 4.000 kaloriako poltsa».
Hori aipatuta, honako hau gehitu behar zaio: bizkar-zakuak gutxienez 2,5 kiloko pisua izan behar du; uraren pisua ez da kontuan hartuko. Kirolariak hainbat tresna eta material nahitaez eraman beharra da poltsa hain «astuna» izatearen arrazoia: arropa, botika kutxa, iparrorratza, buruko-argia... Antolatzaileek, beren aldetik, mapa topografikoa, road-book-a eta GPSarentzat track bat emango dizkiete.
Goi mendiko iraupen luzeko proba hau lehenengoa da Pirinioetan eta ibilbidea bakarka edo taldeka (2-3 lagun) egin daiteke. Horrela bada, bi sailkapen izango ditu; biak ala biak emakumezkoen zein gizonezkoen mailekin.
Antolatzaileek, bestalde, ibilbidearen gogortasuna azpimarratu eta hainbat aholku eman nahi izan dituzte: «Kirolariak kontuan hartu behar du goi mendiko ibilbidea dela eta oso baldintza gogorrei egin beharko diela aurre: hotza, haizea, gaua, euria eta, agian, baita elurra ere. Hori dela-eta, sasoiko egoteaz gainera, material aproposa eraman eta sufritzeko gaitasuna izan beharko dute. Azkenik, parte-hartzaileei mendia ez zikintzeko eskatu nahi diegu, eta zabor guztia motxilan sartu eta helmugako zaborrontzietan botatzeko».