ALPINISMOA Igoera librean Kapitainen
«Magic Mushroom» zuzena, zaila eta luzea
Kapitainen (Yosemite, AEB) 1972. urtean zabaldutako «Magic Mushroom» bidean lehenengo igoera librea sinatu dute Justen Sjong eta Tommy Caldwell estatubatuarrek sei eguneko jardunaren ostean.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Harding, Merry eta Whitmor-ek 1958an The Nose bidea eskalatu zutenetik, Yosemiteko Kapitainak oso ibilbide erakargarria izan du. 1950eko hamarkada hartan, eskalatzaileak paretaren zatirik ahulenak igotzen saiatzen ziren. 70eko hamarkadan, berriz, egundoko garrantzia eman zitzaien artifizialeko marrei. Baina hurrengo hamarkadan, Camp 4an denbora luzea egiten zutenek eskalada erari beste itzuli bat eman zioten.
Horrela, 1988an Skinner eta Pianak Salathe Wall bidea era librean eskalatu zuten; bikote horrek free bezala ezaguna egin zen mugimenduari zabaldu zizkion ateak. Hurrengo hamarkadetan, artifizialean zabaldutako jatorrizko marrak askatzen saiatu ziren, baina lan horretan ere beste bilakaera bat ikusi da. Hots, aipatutako bideei aldaerak sortzea eskalada libre horrek zentzu gehiago izan zezan. Eta hori gertatu zaio Magic Mushroom bideari.
Bai, Justen Sjongek eta Tommy Caldwellek bidearen lehenengo igoera askea egin dute baina, aurreratu dugun legez, hainbat eta hainbat aldaerarekin. Izan ere, sokada estatubatuarrak (argazkian ikus daitekeenez) marra zuzen bat igo nahi zuen; eta bai lortu ere. Zuzena izateaz gainera, zaila eta luzea. Hugh Burton eta Steve Sutton-en obra da. 1972. urtean zabaldu zuten (The Nose ezkerrean da) honako zailtasunekin: VI, 4, A3.
Sjong-Caldwell bikoteak, berriz, maiatzaren 12tik 17ra egindako lanaren ondoren askatu zuen Magic Mushroom. 28 luzeko marra horren zailtasun gorena 8b+ graduan utzi dute. Zailtasun gogorra, baina, era berean, nahiko jarraikia: bederatzi luze 7c+ eta 8b+ artean, eta beste bederatzi 7a eta 7b artean. Horrela bada, batzuek adierazi dute zailtasunari dagokionez munduko hormatzarrik gogorrena dela. Sjongek, adibidez, zera baieztatu du: «Magic Mushroom bideak eskalada estilo ugari, trebetasun handia eta maila ikaragarria eskatzen ditu. Kapitainen inoiz egin dudan biderik zailena zein zuzenena da. Horma horretan badira 8b+ graduko beste bide zein luze batzuk. Ziur aski Magic Mushroom bideak ez du luzerik zailena, baina bai, oro har, luze zailenak. Oso luze gogorrak ditu, oso jarraikiak, eta horrek ematen dio benetako zailtasuna bideari. Beste bide batzuek, berriz, benetan gogorra den luze bat edo beste dute».
Espezialista handiak
Berez, Magic Mushroom bidea askatzeko helburua Adam Stack (bi urteko ekinaldiak egin zituen) kidearena zen, baina hark erronka alde batera utzi eta bere lagunei pasatu zien lekukoa. Sjongek eta Caldwellek, jakina, oso gustura hartu zuten gonbidapena; izan ere, biek ala biek dute gustuko Kapitaingo hormatzarreko marrak askatzea. Espezialistak dira: azkenekoarekin, lau bide igo ditu era librean Sjongek eta hamabi Caldwellek.
Bost astez lan eskerga egin ondoren Magic Mushroom bidean, maiatzaren 12an hasi zen sokada estatubatuarraren behin betiko saioa. 05.00etan abiatu ziren eta, luze guztiak librean eskalatu ondoren, 17an iritsi ziren paretaren irteerara. Sjongek adierazi duenez, Magic Mushroom bideak 10 bat behar du: «Kalitate handiko marra da, eta oso tentea. Bai, azken hamabi luzeak erori handikoak dira. Lehenengo eguna oso ondo atera zitzaigun. Guztira hamahiru luze egin genituen, eta guztiak ala guztiak lehenengo saioan gainditu genituen».
Eskaladako bigarren egunak, bestalde, buruhauste bat baino gehiago eragin zien. Aurretik 8a zailtasuneko blokeko tarte bat gainditu behar zuten. Hala ere, bai Sjongek bai Caldwellek zati hori bigarren saioan gainditu zuten. Arestian aipatu dugun legez, Magic Mushroom bideak eskalada estilo ezberdinak eskatzen ditu. Blokeko sekzio hori gaindituta, tximinia gogor batzuk zituzten aurrean. Tximinia gogorrak baino gogorragoak, 7c+ eta 8a+ artekoak.
Sjongek aipatu duenez, 18. luzetik 27.era denetarik izan zuten: «Bide honek geure trebezia guztiak eskatu zizkigun. Tximinia atletikoak, hesiak, plakak... denetarik igo behar izan genuen. Hori guztia gutxi balitz, oso zailtasun jarraikia zuen. Eta horri guztiari beste ezaugarri hau gehitu behar zaio: luze asko eta asko oso psikikoak ziren. Uneoro burua hotz mantendu behar izan genuen. Luze horietako batzuetan (batez ere tximinietan) zegoen arriskua zela-eta, iltzeak jarri genituen, eta beste zati batzuetan sei parabolt».
Eskalatzaile estatubatuarrek esan dutenez, luze gogorrena 20.a da: «Pare bat luze gogor egin ondoren, zailenari ekitea egokitu zitzaigun. Tommyk 20. luzeari ekin eta bigarren saioan atera zuen; nik, berriz, hiruzpalau behar izan nituen. Geure iritziz, 8b+ zailtasuneko luzea da».
Egun bateko atsedena hartuta ekin zioten amaierari. Azken eguneko jardunean 7b eta 8a arteko luze gogorrak gainditu zituzten. Era horretan, eta sei eguneko jardunaren buruan, gainditu zuten Sjongek eta Caldwellek Magic Mushroom bidearen lehenengo igoera librea.