Istorio desberdinak «Abaraska»n bilduta, gizarte globalizatuaren metafora eraiki du Luzarragak
Pertsonak abaraskan bizi dira, norbera bere gelatxoan, besteengandik argizarizko horma mehe batek soilik bereizita; Asel Luzarragak Malaysiatik bueltan ekarritako nobelako protagonistak bezalaxe.
Martin ANSO | DONOSTIA
Bidaiari amorratua da Asel Luzarraga (Bilbo, 1971) eta grina hori ederki islatuta geratu da orain arte argitaratu dituen liburuetan. Txalapartaren eskutik plazaratu berri duen «Abaraska» ez da salbuespena. Izan ere, Malaysian ondu du, neurri handi batean, behintzat, eta «liburuak Malaysiatik nahikotxo dauka; ez bakarrik hango giroak sarri agertzen direlako, han izan nituen sentipenak eta egin nituen hausnarketak oso presente direlako baizik». Hori adierazi zuen atzo, liburuaren aurkezpenean, egileak berak.
Serial killer bat, margolari bat, palestinar bat, neska malaysiar bat, striper bat, idazle frustratu bat... Guztira, bederatzi dira Luzarragak osatu duen «Abaraska»n mugitzen diren protagonistak.
Pertsonaiok jatetxe edo edaritegietan topo egiten dute, baina ez dute elkarren artean zerikusirik. Haien arteko lotura, kasu gehienetan, zeharkakoa baino ez da. «Salbuespenak salbuespen, ia ez dute elkar ikusten, ia ez diote elkarri hitz egiten», ohartarazi zuen Asel Luzarragak.
Nobelaren atzean dagoen ideia honakoa da: «Munduan, eta are gehiago mundu globalizatu honetan, denok gaude nola edo hala elkarri lotuta, inoiz ikusiko ez ditugun pertsonei lotuta, alegia».
Arestian esan bezala, pertsonaiek ez dute elkarren artean zerikusirik. Guztiak baina, beren bizitza betetzeko zerbaiten bila ari dira, etengabe, nahiko modu obsesiboan, gainera. «Guztiak dira bildumagile, nolabait esateko. Hilotzak, hizkuntzak, bake zantzuak... edota marihuana mota desberdinak bildu nahi dituzte», adierazi zuen egileak.
Puzzle moduko egitura
Pertsonaia bakoitzaren «obsesioak» aukera eman dio Asel Luzarragari barruan dituen hainbat kezkari bide emateko. Esaterako, margolariaren kontura, arteari buruz gogoeta egin du; idazlearen kontura, berriz, literaturari buruz; palestinarraren kontura, bakeari eta gerrari buruz; hizkuntzak ikasten diharduenaren kontura, sustraiei buruz.
Puzzle egitura dela-eta, «Abaraska» da Asel Luzarragak orain arte idatzi dituen liburuetatik konplexuena. Bilbotarrak 2003an ezagutarazi zuen bere burua literatur plazan. Urte hartan «Hamaika ispilu ganbil» argitaratu zuen eta, batez ere, Igartza beka irabazi zuen «Karonte»ri esker. Iaz, «Mozorroaren xarma» argitaratu zuen.
«Orain dela gutxi arte konturatu ez naizen arren, nire liburuen atzean beti kezka nagusi bera dago: norberaren nortasuna zein den edo nola eraikitzen den; ea gu ere, `Abaraska' bezala, ez ote garen puzzle bat, jaso ditugun eragin guztiek osatua. Kezka beti bera da, liburu bakoitzean mozorro desberdina hartzen badu ere».
Izenburua: «Abaraska».
Egilea: Asel Luzarraga.
Argitaletxea: Txalaparta.
Generoa: Narratiba.
Salneurria: 18 euro.