GARA > Idatzia > Tenisa

Roland Garros

Djokovic-Nadal finalerdia, iaz jokatutakoaren errebantxa

Erraz egin zuten aurrera faboritoek gizon zein emakumeen artean. Hala, Ivanovic eta Jankovicek serbiarren arteko «derbia» jokatuko dute finalaren atarian

p039_f01_097x128.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Roland Garroseko final-laurdenetako aurreneko jardunaldian faboritoek ez zieten ezustekoei tarterik utzi. Horrenbestez, arazorik gabe irabazi zituzten beren kanporaketak eta finalerdietarako pausoa eman zuten.

Hala, finalerdietan neurketa polit askoak ikusiko dira. Adibidez, Rafael Nadal eta Novak Djokovicek finalerdietan ikusiko dute elkar iaz gertatu bezala.

Atzokoan, ez batak ez besteak ez zuen aurkariarekiko errukirik izan. Esaterako, Nadalek sekulako egurra eman zion Nicolás Almagro espainiarrari: 6-1, 6-1 eta 6-1. Bi ordu baino gutxiagoan egin zituen Roland Garroseko txapeldunak Almagrorekikoak. Bere aldetik, Djokovicek gogor lan eginda baina hiru setetan kanporatu zuen Ernest Gulbis letoniarra: 7-5, 7-6 (3) eta 7-5.

2007an Manacorko tenislariak nahiko erraz hartu zuen mendean serbiarra: 7-5, 6-4 eta 6-2. Hala ere, Djokovicen jokoak gorantz egin du azken urtean eta, gainera, errebantxa hartzeko amorratzen egongo da. Egiari zor, posible da partida horretako irabazleak eramatea etxera Roland Garroseko aurtengo sari nagusia.

Serbiarren arteko «derbia»

Emakumeen kategorian ere ez zen sorpresarik izan. Bezperan Sharapovak galdu ondoren, Ana Ivanovic eta Jelena Jankovicek ez zieten beren aurkariei arnasa hartzeko tarterik laga. Ondorioz, serbiarren arteko «derbia» jokatuko dute finalerdietan.

Ana Ivanovicek nahiko izan zituen 75 minutu Patty Schnyder suitzarra gainditzeko. Arazorik gabe, 6-3 eta 6-2 irabazi zuen Roland Garroseko egungo txapeldunordeak.

Finalaren atarian, Ivanovicen aurkaria Jelena Jankovic herrikidea izanen da. Roland Garros txukuna egiten ari zen Carla Suárez Navarro espainiarra zuen aurrean, baina hirugarren serie buruak errukirik gabe eraman zuen airean 73 minutu eskasetan: 6-3 eta 6-2.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo