GARA > Idatzia > Kultura

Hardcore melodikoaren bidetik disko berria atera du Ezinean-ek

Ezinean talde azpeitiarrak bigarren diskoa atera du Gor diskoetxearen eskutik, «Zuretzat» izenburupean. Estreinakoan bezala hemen ere hardcore melodikoari eutsi diote. Musikari dagokionez, landuagoa da, baina ez du horregatik galdu taldeak bere-berea duen freskura.

p049_f02_097x128.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

«Kantu batzuek pop kutsu handiagoa dute; beste batzuk, aldiz, kaineroagoak dira. Alde horretatik, diskoan denetatik pixka bat dago, betiere taldeak orain arte ezaugarri izan duen hardcore melodikoaren bidetik», esan zuten atzo aurkezpenean Ezinean taldeko kideek.

Iban Amenabar (baxua eta ahotsa), Oier Ezeiza (gitarra), Oihan Amezua (bateria) eta Jon Regaño (gitarra eta koruak) dira. Azken hori orain dela gutxi sartu da, denborarik ez zuela-eta taldea utzi behar izan zuen Oihan Lizasoren ordez. Lizaso, hala ere, ez da urruti ibili. Izan ere, diskoaren grabazioan, soinu teknikari aritu da.

Guztira, 15 kantu bildu dituzte «Zuretzat» diskoan. Hitzak taldekideen bizipenetan oinarrituta daude eta, besteak beste, honako izenburuak dituzte kantuek: «Zapalduak», «Yupiren mundua», «Kontaidak», «Gran Hermano», «Hor al zaude» eta «Borroka asko». «Pretentsio handirik gabe, baina, alde batetik, sentitzen duguna adierazi eta, bestetik, gizarte honetan hainbeste gauza gaizki dagoela kontuan izanik, jendeari zer pentsatu eman nahi diogu», esan zuen Iban Amenabarrek.

Ingelesezko kantu bat ere sartu dute -«Antifreedom Conspiration»-, «baina ez merkatu berrietan-eta probatu nahi dugulako, baizik eta entzuten ditugun kantu gehienak ingelesezkoak direlako eta gurea ingelesez nola entzuten den jakin nahi izan dugulako».

Markinan eta Azpeitian

«Emakume» kantuarekin bideoklip bat egin dute, dagoeneko ezinean.com webgunean edo YouTuben ikus daitekeena.

Disko berriaren aurkezpen bira etzi hasiko da, Markinan, Uhagon aretoan. Larunbatean, berriz, Azpeitian bertan izango da hitzordua, Sanjuandegiko festetan.

Ezinean 2001ean osatu zuten. «Zarata pixka bat ateratzea eta ondo pasatzea» baino ez zuten helburu. 2005ean, baina, taldeak Gor-ekin disko bat plazaratu eta oso harrera ona izan zuen. Geroztik 70 kontzertu inguru egin ditu, horietatik batzuk Estatu frantsesean eta Alemanian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo