GARA > Idatzia > Kultura

Garikoitz Mendizabal txistulariak bakarkarko lehen lana kaleratu du

GARA | BILBO

Bilboko Udal Txistularien Bandako zuzendariak, Garikoitz Mendizabalek, bakarkako lehen diskoa kaleratu du, «Bihurrikeritan». Atzoko aurkezpenean agertu zuenez, lana «txistulari iaioa» deritzon modalitateko zailtasun tekniko handiko errepertorio tradizionalari egindako errepasoa da.

Horiek horrela, diskoak hainbat egilek estilo desberdinetan landutako 15 doinu biltzen ditu; jatorri ezezaguneko herri doinuak, pieza klasikoak eta egungo musikarien lanak tartekatuz. «Exotiko samarra» suertatu den ezustekorik ere bada lanean: Vittorio Monti musikagile italiarrak egindako biolin eta pianorako czarda -dantza hungariarra-, «mundu osoak ezagutzen duen erritmo bizi-biziko doinua», hain zuzen. Era berean, «Bihurrikeritan»en Xabi Zabala musikagileak disko honetarako propio egindako bi doinu ere entzun daitezke.

Mendizabalek aurkezpenean aitortu zuenez, errepertorioaren inguruko grabaziorik eza izan da lan hau egitera bultzatu duen arrazoietako bat. Horrez gain, txistuaren historia luzean izan diren bakarlari handien omenez egindako lana ere izan nahi du, Primitivo Onraita, Martin Elola, Poli Garai, Juan Jose Cestona, Roberto Garate, Polentzi Gezala eta Boni Fernández gogoan hartuta.

Aipatu behar da, Garikoitz Mendizabal (Zestoa, 1973) Euskal Herriko Txistularien Elkarteko lehendakari izatearekin batera, Gasteizko Txistularien Bandako zuzendari izan zela 1997tik 2002ra eta, egun, 2004ko urtarriletik hona, Bilboko Txistularien Bandako zuzendaria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo