Pepu Hernández Espainiako selekziotik bota dute «errespetu eza» egotzita
GARA | MADRIL
Lau minutu eskas iraun zituen bilera baten ostean, José Luis Sáezek, Espainiako Saskibaloi Federazioko buruak, bere kargutik kendu zuen atzo goizean José Vicente Hernández, atzora arteko Espainiako selekzioko hautatzailea. Kontua hala ere zaharra da eta berriak ez du ia inor ezustean harrapatu, azken asteetan nabariak zirelako bien arteko desadostasunak eta entrenatzaileak lehendik ere esana baitzuen Joko Olinpikoen ostean kargua utziko zuela.
Erabakiaren arrazoiak azaltzerakoan, Sáezek hainbat konpromiso ez betetzea eta instituzioari eta bertako hainbat kideri «errespetu eza» azaltzea egotzi zion Hernándezi. Aldiz, entrenatzaileak guztia gezurtatu zuen. «Ez dute ni botatzeko inolako arrazoirik, baina azkar asmatuko dituzte», esan zuen.
Joko Olinpikoetarako bi hilabete geratzen direnean, munduko txapeldunak ez du hautatzailerik. Begi guztiak Aito Garcia Renesesi begira daude orain.
Bestetik, ACB Ligan ere urak harro datoz. Esaterako, Gironak ACBn duen lekuari «muzin» egin behar izan dio, 9 milioi euroko zorrak jota. LEB Ligako talderen batek erosiko du kataluniarren lekua.
Horrezaz gain, ACBko beste talde batzuek fitxaketekin jarraitzen dute. Estudiantesen Velemir Perasovicek ez du taldean jarraituko mailari eusteko lan bikaina egin arren. Hala, Luis Casimiro fitxatu dute Fuenlabradatik. Granadak ere azken partidan eutsi zion mailari eta Sergio Valdemillosek taldea utzi du; bere ordez Trifon Poch ekarriko dute.