GARA > Idatzia > Ikusmira

Bardeako tiro eremua zulo beltz bihurtuta eta nafarren protesta eskubidea bera ere ostuta

Bardeako tiro eremuaren aurkako martxa bukatzean hainbat guardia zibil eta militar espainiarrek jipoitu eta iraindu zituzten gazteak eremu ilun horren azken erakusleak dira. Eremu iluna, zulo beltza, bihurtu baitute Bardea bere gaineko argitasun oro saihestuta. Jose Antonio Gaiarre Bardeako Batzarreko presidenteak Armadarekin sinatutako hitzarmena berritzea txarrik onena bezala aurkeztu zuen desjabetzearen mehatxua astindu ostean; bizilagunen interesei eta borondateari muzin eginda, diruari begira jarri zen berriz ere. Iluna da eremuan uranio pobretua erabili duten jakiteko ikerketen gaineko informazioa. Defentsa Ministerioak ikerketak egin omen ditu, baina Gaiarrek berak ere ez ditu ikusi, eta ikerketa independentea iragarri du, betiere diru gehiago lortzeko aukerari begira. Bitxia da, nolanahi ere, Bardearen etorkizuna negoziatu behar dutenek ezer ez jakitea.

Igandean martxaren bukaeran gertatutakoak ez du instituzioen eta alderdi gehienen iruzkinik ere merezi izan. Beste alde batera begiratzea nahiago izan dute. Ezer gertatu ez balitz bezala, nafarrei erabakitzeko eskubidea ez ezik, protesta eskubidea bera ere ostu dieten arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo