GARA > Idatzia > Mundua

AEBk Venezuela kriminalizatzeko erabiltzen ari dira Medellingo gailurra

AEE Medellinen egiten ari den bileraren helburua Kolonbiak Venezuela eta Ekuadorrekin dituen desadostasunak leuntzea bada ere, aurkako bidea hartu zuten AEBek. Horrela, Washingtongo ordezkari John Negropontek Caracasi FARCi babesa eman izana leporatu zion.

GARA |

Kolonbiako FARC taldeko gerrillariak babestea egotzi zion Venezuelari AEBetako Estatu idazkari John Negropontek Medellinen egiten ari den Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) ezohiko bileran.

«Ez dago zalantzarik. FARCeko kideak Venezuelara joan dira babes bila», bota zuen Negropontek prentsaurreko batean.

Nahiz eta AEEren ezohiko bileran jorratu beharreko gaia gazteria eta balio demokratikoak izan, bertan bildu diren kantzilerrek Kolonbia, Venezuela eta Ekuadorren arteko harremanak dituzte buruan. Bogotak FARC gerrillarekin harremanak izatea leporatu die Quito eta Caracasi.

«Zerbait egiteko aukera dutenei bi herrialdeen arteko harremanak epe luzera kontuan izateko eskatuko nieke. Gaur egungo egoerarekin jarraitzea euren herrialdeentzat ona izango den ala ez aztertzea eskatuko nieke», gaineratu zuen Negropontek.

Alvaro Uriberen gobernuak askotan esan du FARCeko gerrillariak Ekuadorrera eta Venezuelara jotzen dutela Kolonbiako Armadarengandik ihesean eta babes bila.

Martxoaren 1ean, Kolonbiako Armada Ekuadorreko lurretan sartu zen FARCeko komandante Raúl Réyes hiltzeko. Ekuadorreko presidente Rafael Correak herri honen burujabetzaren aurkako erasotzat jo zuen Kolonbiako Armadaren jarduera eta Bogotarekin zituen harreman diplomatikoak eten egin zituen.

Bai Venezuelako presidente Hugo Chávezek, bai Correak ukatu egin dute Uribek leporatu diena. Ustez, Raúl Réyesek oihanean zuen ordenagailuan Kolonbiako militarrek atzemandako informazioan oinarritu ditu Uribek bere akusazioak.

Medellinen, Kolonbian, egiten ari den AEEren ezohiko bileran Bogota eta Quitoren arteko harremanak leuntzen saiatuko dira bertan diren 34 estatuetako kantzilerrak. AEEko idazkari orokor Jose Miguel Insulzak horretarako espresuki prestatu duen txostena emango die.

Bogota eta Quitoren arteko harremanak berreskuratzeko AEEk eginkizun berezia eman zion Victor Rico boliviarrari. Rico Kolonbian eta Ekuadorren izan zen apirilaren hasieran. Ondoren, bi hiriburuetan helburu horri begirako bi lantalde antolatu zituen. Talde bakoitzean politika, segurtasuna, defentsa eta mugetan aditu ziren pertsonak zeuden.

Apirilaren 29an, Kolonbia eta Ekuadorreko kantzilerrak Panaman bildu ziren bi aldeen jarrerak hurbiltzeko. Ordutik hona, beste bilera batzuk egin dituzte Liman eta, berriro ere, Panaman.

ekuador-kolonbia

Medellinen egiten ari diren bileran AEEk Ekuadorren eta Kolonbiaren arteko harremanak hobetzea du helburua. Quitok harremanak apurtu zituen Kolonbiak bere lurraldeari eraso egin ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo