Igoera lortzeko borroka
Gasteizkoa «finaltzat» jo dute Realeko aldagelan
Arazo fisikoak zituzten lau jokalariak, Aranburu, Prieto, Uranga eta Diaz de Zerio, jokatzeko moduan daude
GARA | DONOSTIA
Bi partida besterik ez dira falta. 180 minutu helburua betetzeko edo futbolariak zein zaleak sekulako etsipen sentsazioarekin gera daitezen. Horiek horrela, Realaren inguruan «finaltzat» jotzen da Mendizorrotzan jokatu beharreko norgehiagoka.
Arabako hiriburuan jokatzeko, Juanma Lillok arazo fisikoak zituzten lau jokalariak, Mikel Aranburu, Gari Uranga, Xabi Prieto eta Iñigo Diaz de Zerio, berdegunera irteteko moduan izango ditu. Xabi Prieto Zubietako instalazioetatik pasa zen eguerdian, Salamancaren aurkako sentitutako ondoeza susto hutsa izan zela baieztatzeko.
Hegaleko donostiarraren ustez, «igandean soilik irabazteak balio du. Liga bukaerara igotzeko aukera handiekin heldu gara eta, geratzen zaizkigun bi norgehiagokak irabazten baditugu, helburua lortzeko moduan gaude». Hori bai, eurek «akats marjinik» ez dutela aitortu zuen.
Uholde txuri-urdina
Reala ez da bakarrik egongo Mendizorrotzan, Juanma Lilloren mutilek 3.000 zale ingururen babesa izango baitute. Txuri-urdinei igoerako lehian bultzada bat emateko nahiaz gain, bada zaleak Mendizorrotzan izatea lagundu duen beste arrazoi bat: asteburuan Realeko Lagunarteen IX. Kongresua egingo da Agurainen.
Biltzarreko ekitaldiak gaur bertan hasiko dira. Horrela, 19.30etatik aurrera, Juanma Lillok eta Mikel Etxarrik hitzaldi bat emango dute. Baina, kongresuaren jarduera gehienak asteburuan izango dira. Larunbatean, bazkaria, afaria eta Realeko eta Alaveseko jokalari beteranoen arteko partida izango dute Agurainera gerturatzen diren zaleek. Hori gutxi balitz, Euskal Bizikletaren bigarren etaparen hasieraz eta bukaeraz gozatzeko aukera ere izango dute.
Igandean, Mendizorratzako norgehiagokaren aurretik, zale txuri-urdinek paella erraldoi bat dastatuko dute.
Xabi Prietoren esanetan, Sporting edo Málagaren norgehiagokako emaitza Realarentzat ona balitz, «barkaezina» litzateke talde gipuzkoarrak Alavesen aurka Mendizorrotzan hiru puntuak ez lortzea.
Igoera lortuz gero, Realak 2,5 miloi ordaindu beharko dizkio Mallorcari jokalariarekin geratzeko. Baina, txuri-urdinak Bigarren Mailan geratuko balira, Balearretako aurrelariak Deportivon buka dezake.