Ordiziako AHTren obretan kateatutako bi lagunak epaiketaren zain daude
Egunotan etengabe egiten ari dira Abiadura Handiko Trena geldiarazteko ekintzak. Atzo, azpiegitura eraikitzeko obrak oztopatu zituzten bi pertsonak Ordizian, hormigoiz beteriko bidoi bati lotuta. Ertzaintzak atxilotu egin zituen eta epaiketaren zain daude orain.
GARA |
Lanak oztopatzeko eta «hormigoia urre zuri berri bihurtu nahi dutenak» salatzeko asmoz, bidoi bati lotu, eta eskuak porlanetan sartu zituzten bi lagunek Ordiziako Malkasko auzoan, Abiadura Handiko Trena (AHT) eraikitzeko obretan. Hala, lanetara sartzea eta ateratzea galarazi zuten ertzainek suhiltzaileek askatu zituzten arte.
Maiatzaren hasieran hasi zituzten Goierriko herri horretan azpiegitura erraldoia egiteko lanak, eta ordutik desobedientzia eta erresistentzia ekintza ugari egiten ari dira herritarrak bertan. Atzo, bi pertsona hormigoiz beteriko bidoi bati kateatu ziren goizeko hamarretan eta 30 laguneko talde batek babestu zituen «Los tiranos se venden, el pueblo jamás. AHT ez, TAV no» zioen pankartarekin. Protesta egin zutenek esandakoaren arabera, Ertzaintzaren hainbat ibilgailu agertu zen eta pertsona anitz identifikatu zuten.
Poliziakideek suhiltzaileei dei tu zieten eta hauek bidoia hautsi eta lotuta zeuden bi lagunak askatu zituzten. Gatibu eraman eta hortik bi ordura aske utzi zituzten bi gazteak. Hori bai, epaiketa bati egin beharko diote aurre. «Desordena publikoa» lepo- ratu diete.
Ekintzan parte hartu zutenek baieztatu zutenez, argi dago erresistentzia eta desobedientzia txikizioa oztopatzeko baliozko tresnak direla, baina geldiaraztea «denon artean eta etengabe» lan eginez soilik lor daitekeela adierazi dute. «AHT bezalako proiektu txikitzaileak» geldiarazteko antolatu dira eta ekintza zuzenaren alde dau- de. Azpiegitura honen aurkako talde guztiei dei egin zieten proiektu honen aurka egitera, «gu bakarrik ez baikara aski geldiarazteko. Aski izango bagina ez ezazue duda izpirik izan egingo genukeela».
«Proiektu honen inposizioaren kontra dagoen oposizio zabalak» hitzordua du gaur goi- zeko hamaiketan Tolosako Epaitegiaren atarian. Gazte bat epaitzekoak dira «autoritateari eraso egiteagatik» eta Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak epaiketa bertan behera uzteko eskatu du, atzean azpiegitura honen kontrako mugimendua kriminalizatzeko saiakera besterik ez dagoela uste baitu.
Bestalde, joan den asteartean Iurretan egindako sabotaje baten berri jaso du GARAk. AHTko obretan ari den Aldaiturriaga enpresaren garabi bat martxan jartzea eragotzi eta berau garraiatzen zuen kamioiaren gurpilak zulatu zituzten.
Goierriko AHT Geldituk gaur 11.00etan Tolosako Epaitegian biltzeko eskatu dio «proiektu honen inposizioaren aurka dagoen orori». Gazte bat epaitzekoak dira «autoritateari eraso egiteagatik».