Ondarrezko zubiak
Gaur egun musikak duen aberastasunik handienetakoa estiloen artean ematen diren harremanetan dagoela esan izan ohi dugu. Azken urteetako joera dela dirudien arren, gizakiaren historian zehar asko izan dira musika eta kultura desberdinen arteko harremanak -zoritxarrez, horietako asko odolez igurtzitakoak-. Saharako basamortua ipar eta hego Afrikaren arteko muga naturala izan da mendeetan. Muga hori gainditu eta asko izan dira ipar zein hegoaldeko herrien arteko harremanak -eta ez soilik komertzialak-. Gaur egun, Nigeria bezala ezagutzen den estatuan adibidez, basamortua zeharkatu eta iparreko arabiarren eta hegoaldeko afrikarren arteko zubi lanak egin dituzten tuareg eta wodaade nomada herrien partaideak bizi dira.
Etran Finatawa taldea herri horien partaideekin osatuta dago eta nomada herrien tradizio musikala ipar zein hego Afrikako soinuekin osatu dute. Zubiak eraikitzeko unean, tradizio musikala instrumentu elektrikoekin uztartu dute. Era honetan, diskoa, «herri garatuetako» musika zaletuentzat kutsu tradizionala badu ere, afrikarrentzat soinu «modernoa» da oso.
Kantu tradizionalen eta ukitu afrikarra duten doinu elektronikoen erdi bideko zerbait egiten dutela esan genezake. Kantu batzuetan, adibidez, amerikar blues musikaren sustraiak izan daitezkeenak atzeman daitezke eta Ali Farka Toure musikariaren zaletuak direnentzat oso gomendagarria da. Basamortuaren oihartzunak.