GARA > Idatzia > Musika

Oreka Tx bidean da berriro, lepoan «karpa ibiltaria» hartuta

Debagoienan ospatuko da aurten ere Mundumira jaialdia, laugarrenez. Bertan izango da, besteak beste, Oreka Tx. Igor Otxoa eta Harkaitz Martinezek txalaparta soinuak munduan zehar zabaldu eta «Nomadak Tx» pelikula bikaina plazaratu zuten. Orain, emanaldi berri bat prestatu dute, bihar aurreneko aldiz erakutsiko dutena. «Karpa nomada» edo ibiltariarekin ikuskizun intimoagoa, hurbilekoagoa eskaintzen du donostiar txalapartari bikoteak.

p046_f01_204x120.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Mundumiraren egitarau oparoaren barruan toki nabarmena izango dute munduko musikek eta bertan ikuskizun berria aurkeztuko du Oreka Tx taldeak. Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez donostiar txalapartari bikoteak osatua, 1997an, orain hamaika urte, hasi zen Oreka Tx elkarlanean eta, etxean ez ezik, munduan zehar ere aski ezagunak dira egun, tartean «Nomadak Tx» film bikainari esker.

Egun, taldea ikuskizun berria prestatzen ari da buru-belarri eta, lanez lepo aurkitu dugun arren, Igor Otxoarekin hitz egin dugu, aipatutako filmak egindako bidea eta erronka berriak mintzagai hartuta. «Filma egitean, planteamendu irekia, unibertsala, egin genuen hasiera- hasieratik, munduko edozein herritan, izan Taiwanen, Rio de Janeiron, Albaceten zein Siberian, ulergarria izan zedin, izan zezakeen hedapena ez genekien arren. Argi genuen ez zela gure herriari begira soilik egindako filma» esan du Otxoak, atzera begira. Taldearen ustean, filmaren bizia Donostiako Zinemaldian aurkeztu eta bukatuko zen, «baina sari txiki bat jaso zuen bertan, eta baita nazioarteko estreinaldian ere, Amsterdamen. Dokumentalen jaialdi ospetsua egiten da bertan, mundu mailan onenetakoa, eta 180 dokumental ingururen artean arrakasta izan zuen publikoaren bozketetan. Jaialdi ezberdinetatik eskatu ziguten filma eta bidaltzen hasi ginen orduan, eta leku askotara iritsi da. Guztira ia ehun jaialditan egon da eta hamalau sari lortu ditu. Orain, esaterako, Nepalen ari dira botatzen». Arrakasta horri esker, makina bat lagun egin eta hainbat tokitan jotzeko gonbitea jaso du taldeak, eta horrek egitasmo berriak atzeratu izan ditu. «Egia esan, makina bat e-mailu jasotzen ditugu, -gaur bertan Bukaresten jotzeko gonbitea jaso dugu- eta nomada bihurtu gara berriro, jaialdiz jaialdi bidaiatzen eta filma eman ondoren txalaparta joz, beti gurekin daramagu eta. Filma oso ondo joan denez, ez dugu astirik izan orain bi urte pentsatutako egitasmo parea prestatu eta martxan jartzeko. Asko bidaiatu dugu, lan asko suposatu digu filmak eta egitasmoak atzeratzen ibili gara, orain aurkeztu arte».

Orain bi aste, Getxoko perkusio gauean, Boli Kostako Afrika D´Ivoiri taldearekin batera aurkeztu zuten lehenengoa, «Nomadak Tx Zuzenekoa». «Talde osoarekin egiten dugun ikuskizun multimedia da. Atzean, pantaila erraldoi bat jartzen dugu, eta bertan bidaietako irudiak eta ezagutu ditugun musikariak ageri dira. Taldea, Mixel Ducau (saxofoia, klarinetea eta alboka), Ritxi Salaberri (baxua eta kontrabaxua), Iñigo Diaz (perkusioa), eta Pepe albokari eta laut-jotzaileak osatuta dago. Baita taldeko hirugarren hanka den Mikel Ugarte oiartzuar txalapartariak ere».

Ikuskizun berria, aurrenekoz

Bestea, «karpa ibiltaria edo nomada», Mundumiran aurrenekoz aurkeztuko dutena. «Puzten den karpa bat da, tipi baten antzekoa. Barruan, biribilean eserita egongo da jendea eta erdian joko dugu txalapartariok, bandarik gabe. Emanaldiak laburrak izango dira, txanda bakoitzean 50-60 ikus-entzule besterik ez direlako izango eta, beraz, ikuskizuna gertukoagoa, intimoagoa da». Bergaran, ostiral arratsaldean bi emanaldi eskainiko dituzte, larunbatean goizez eta arratsaldez bana eta igandean beste bi goizez, sei guztira. Eta ostiral arratsaldekoa, mundu mailako estreinaldia izango da. «Karpa ibiltariarekin, heltzen zaila den herri txikietara, kultur etxerik ez den tokietara iritsi nahiko genuke. Zentzu batean, egitasmo berriak mugatu egiten gaitu, baina beste ikuskizunetan ez dagoen hurbiltasuna emango digu eta, nomadek egiten duten bezala, geurekin eramango genuke beharrezko guztia ikuskizuna azpiegiturarik ez den tokietan ere egin ahal izateko».

Aurki hasiko dira ikuskizun berria ezagutarazten eta ziurrenera atzerrira ere eramango dute aurrerago. «Filmarekin leku askotan ezagutu gaituztenez, musikari zein sustatzaileek leku askotatik eskaini digute bertara jotzera joatea, baina denborarekin hartu nahi dugu eta lehenengo etxean lasai jo».

Azken batean, topagune bihurtu dute txalaparta Otxoa eta Martinezek. «Txalaparta nahiko instrumentu erakargarria da jendearentzat. Bai jotzeko moduagatik -sinkronizatutako lagun bi- bain ozentasun bereziagatik. Topagune bilakatzeko balio du eta horrela ulertu nahi dugu, herri eta musikari ezberdinen, bizitza ikusteko modu anitzen topagune gisa».

Afrika Bergaran, Boli Kostako Alpha Blondy-rekin

Musikaz harago doan jaialdia da Mundumira. Arrasaten, Oñatin eta Aretxabaletan ospatu ostean, Bergarak hartuko du laugarren edizioa eta, kontzertuez gainera, mendi eta bidaia azokak, film laburrak, erakusketak, eskulangintza, txangoak eta beste eskainiko ditu hiru egunez.

Musikari dagokionez, txalapartari nomadekin batera Alpha Blondy da aipagarria. Reggae doinuetan maisu, Boli Kostako musikariak iazko «Jah Victory» du azken lana. 1953an Dimbokoron jaioa eta bederatzi anaia-arreben artean nagusia, ama hizkuntza duen diulaz gainera, frantsesez eta ingelesez ere abesten du Blondyk, eta inoiz baita arabieraz edo hebreeraz ere. Oreka Tx eta Alpha Blondyrekin batera, Tandarica Orkestar Balkanetako zirku taldeak, Salam! Magrebeko bikoteak eta The Revolutionary Brothers donostiar disko jartzaileek alaituko dute ostirala.

Kolore aniztuna izango da larunbata ere. Eguerdian hasita, arabiar musika klasikoa entzuteko parada, The Baghdad Ensemble irakiarren eskutik eta Estatu frantsesetik etorritako Alkora perkusio taldea, arratsaldez. Gauean, berriz, San Martin Agirre plazan, musika beltza Tasha´s World taldearekin. Beraiekin batera, 08001 talde esperimentatzaile katalana eta Floro disko jartzaile eklektikoa.

Igandean soinu nahasketa aberats batek emango dio bukaera jaialdiari. Batukada Taupadarekin batera, armeniar, iraniar eta aljeriarrez osatutako Barbad, batetik, eta greziar Asikides taldea, bestetik. Eta Bergarako trikitilariak, jakina. A. B.

Fitxa

Lekua: Mundumira

jaialdia (Bergara).

Data eta ordua: Bihar, 20.30etan. Larunbatean, 11.00etan, 12.00etan, 18.00etan eta 19.00etan. Igandean,11.00etan eta 12.00etan.

Informazio gehiago: www.mundumirafesta.com.

«NOMADAK TX»

Donostiako Zinemaldian izandako arrakastaren ostean, ia ehun jaialditan erakutsi dute filma eta hamalau sari lortu ditu. Horrek nomada bihurtu du berriro Oreka Tx taldea, eta jaialdiz jaialdi ibili dira txalaparta joz.

Ritmos africanos desde Malawi: Body Mind & Soul

Gaztelupeko Hotsak también propone rotmos africanos para el fin de semana y nos acerca la gira del sexteto Body Mind & Soul, de Malawi, quienes actuarán hoy en Oñati y el sábado en Zarautz. La próxima semana proseguirán la gira en Zornotza (jueves, día 12) para finalizarla el sábado 13 en Eibar. Planteados a modo de workshop, los conciertos estarán precedidos por una charla en la que los músicos hablarán sobre la realidad social y la problemática de la juventud surafricana.

La banda, compuesta por Lusungu Msonda (guitarra), McEwen Manda (batería), Michael Lusale (bajo), Mackson Banda (percusión) y Evans Makupe (teclas), está liderada por Davie Luhanga «Street rat». Iniciaron su andadura como Souls of the Guetto, practicando un reggae que rapidamente dio paso a sonidos enraizados en su tierra, Malawi. Recientemente, han triunfado en los Music Crossroads Southern Africa, iniciativa en la que se engloba la gira y que pretende acercar cada año a una nueva banda africana a nuestros escenarios, en un enriquecedor intercambio. En invierno, viajarán a Haití y México. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo