GARA > Idatzia > Musika

Diru-egileak, ekoiztetxeak, kopuru-zerrendak

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Gero eta garbiago dago zenbait talde mitikoren itzulerak jendearen, entzulearen eta ikuslearen ikusmina, grina, fedea, obsesioa eta lilura sortzen duela. Urte askoan geldirik edukitako dirua egiteko makinaren engranajeak garbitu, egokitu, olioztatu eta behin eta berriro dirua egiteko duten boterea, indarra eta gaitasuna erakusten dute. Musika talde batzuek jendea mugiarazteko ahalmen izugarria dute eta, batez ere, diru-egile bihurtzen dira. Hain da handia publikoaren gogoa eta itxaropena bere idolo zaharrak taula gainean ikusteko, ezen fenomeno bilakatzen baititu. Maiz, erlijioetan gertatzen den legez, Jainkoak bailiren hartzen dituzte eta norberaren nortasunak gainditu egiten ditu, edo ezabatu. 2007an eta 2008an The Police taldeak batzea erabaki zuenean, nahiz eta elkarren arteko ezinikusia nabarmena izan, arestian esandakoa goitik behera eta hitzez hitz egiaztatu da. The Police taldearen mundu-bira inoiz izan den birarik diru-egilena izaten ari da. Led Zeppelin taldea ere bira erraldoi bat egiteko bilduko den zurrumurrua zabaldu da. Baina taldeek dirua egiten badute, zer esanik ez talde horiek mugitzen dituzten produktorez. Artista eta talde esanguratsuenen ekoiztetxe-zerrenda ez da oso luzea. Normalean, ekoiztetxe gutxi batzuen (TNA, RZO...) eskutan dago (diru galera arriskurik gabe) artista gehienen monopolioa, nahiz eta gero hamaika ekoiztetxe azpikontratzaile egon, artisten exijentzia apetatsu, lerdo eta gehiegizkoak jasaten dituztenak. Sarreren salneurriak, eta ez bakarrik megatour horietan, maizegi dira eskandalagarriak. 2007ko taldeen diru-sarreren datuak dira ondorengo hauek (dolarretan eta milioitan). Zerrenda hau egiteko diskoen salmenta, argitaletxea eta kontzertuak hartu dira kontuan, merchardising-ak emandako dirua sartu gabe. U2 taldearen kasuan, 12 dolar ikusle bakoitzeko. The Police, 236 milioi, «Billboard Boxscore» aldizkariaren ustez eta ikusle kopurua 2,1 milioi lagun. Justin Timberlake, 131 milioi dolar. The Rolling Stones, 118. Genesis, 114. Josh Groban, 82. Kkenny Chesney, 81. Tim Mc Graw, 70. Celine Dion, 69. Rascal Flatts, 68. Rod Stewart, 67. Hannah Montana, 64. Nickelblack, 56. Faith Hill, 49. High School Musical II, 48,5. Bon Jovi, 48,3. Bruce Sprinsteen, 48. Circle du Soleil, 47. Rogers Waters, 45. Ez dira Madonna eta U2 ageri, ez baitzuten birarik egin 2007an. Kopuruak hiper astronomikoak dira. Puxika gehiegi puztuta dago. Lehertuko al da?

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo