GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zentsura mozioa deitoratu eta alkateari babesa eskaini diote hainbat soraluzetarrek

Hauteskundeez geroztik Soraluzen udal gobernuan daudenek egindako lana txalotu eta bide beretik jarraitzeko eskatu diete dozenaka herritarrek. Udalean aurkeztuko den zentsura mozioa kritikatu dute halaber.

p016_f01.jpg

GARA |

Joan den maiatzaren 7an, PSEko, EAJko eta PPko zinegotzien onespenarekin «mozio etikoak» aurrera egin ondoren, ezar daitekeen zentsura mozioarekin «kezkaturik» daude Soraluzeko hainbat eta hainbat herritar. Atzo, prentsaren aurrean agertu ziren «Soraluzetarrok aukeratu dogun alkatia Txipi da» zioen pankartarekin, alkate duten Jose Luis Arizagari elkartasuna adierazteko eta etor daitekeen zentsura mozioa deitoratzeko.

Hauteskundeak izan zirenetik gaurdaino urtebete besterik igaro ez den arren, udal politikan izan diren aldaketak «bide onetik» doazela nabarmendu zuten bildutako herritarrek. Orain ostera, Soraluzera «herritarren parte hartzerik gabeko udala eta politika atzerakoien garaia» itzul daitekeen beldur dira.

Herritarrek udal politika alda zedin zuten nahia nabaria zela adierazi eta hauteskundeetako emaitzak ekarri zituzten gogora, EAJren urte luzeetako nagusitasunari amaiera eman eta EAE-ANVk lortu baitzuen joan den maiatzean lehen indarra izatea.

Orduz geroztik, herritarrak «garrantzitsu sentitu» direla aitortu zuten eta horren lekuko, udal batzorde irekiak edota auzoz auzo egiten ari diren batzarrak aipatu zituzten.

Atzo prentsaren aurrean, duela urte bete Soraluzeko Udalak hartutako norabidea babestu eta Soraluze berri bat eraiki-tzen jarraituko dutela berretsi zuten. Horretarako, gainera, udal kudeaketak gaur egun dagoen udal gobernuaren eta alkatearen esku jarraitu beharko lukeela uste dute.

Mozio «etiko» gisa izendatutakoaren ostean etor daitekeen zentsura mozioak udal gobernua aldatzea xede duela salatu zuten. Hala, hainbat alderdiren jarrerari «hipokrita samarra» iritzi zioten, hauteskunde garaian aldaketa defendatu ostean, egun, ostera, lehengo udal politika atzerakoiari ateak irekitzeko asmoa al duten itaunduz.

Konponbideari ekarpena

Euskal Herriak bizi duen gatazkak jarduera politikoa nahasten duela onartu arren, soraluzetarren hitzetan «abaguneko irakurketak ezin dira herriak aukeratutakoa baztertzeko erabili».

Gainera, herri honek bizi duen gatazka politikoa gainditu eta eskubide ororen bermea lortzeko Soraluze herriak berak lan egin dezakeela uste dute; eta horregatik, gatazkaren konponbideari ekarpen propioa egitearen alde agertu ziren bertaratutako herritarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo