Mikel Ibañez Elgoibarko presoa oso egoera larrian, minbiziaren eraginez
Dozenaka elgoibartarrek parte hartu zuen atzo arratsaldean Mikel Ibañezen egoera larria salatu eta preso politikoaren berehalako askatasuna galdegin zuen elkarretaratzean. Minbiziak jota, onkologikoan zaintzapean jarraitzen du Ibañezek, kimioterapia tratamendua hartuz.
GARA |
Elgoibarko preso politiko Mikel Ibañezen osasun egoera egunez egun gero eta larriagoa da. Minbiziak jota, Madrilgo Gregorio Marañon ospitaleko onkologikoan dute joan den maiatzaren 27tik, kimioterapia tratamenduan. Minbizia gorputzean zabaldu ote zaion ikertzeko probak ari zaizkiola egiten jakina- razi du Askatasunak; Elgoibarko herri aldizkariak, webgunean, aldiz, dagoeneko gaitza zabaltzen doala informatu du.
Dozenaka elgoibartarrek parte hartu zuen atzo arratsaldean Elgoibarko herriko plazan Mikel Ibañezen egoera salatzeko eta berehalako askatasuna aldarrikatzeko egin zen kontzentrazioan. Gaixotasun larriak jota egon arren, Elgoibarko presoa «gaixotasuna bera tratatu eta sendatu ahal izateko baino, gaixotasunak sortu eta okerrera eraman dituen espetxe politikaren atzaparretan bahiturik» izaten jarraitzen duela salatu zuen Inaxio Iriondo preso ohiak.
Prebentibo gisa sailkatua
Bereziki nabarmentzekoa da, Mikel Ibañez iaz Parisko aireportuan atxilotu eta joan den otsailean Madrilera estraditatu zutenetik, Soto del Realgo espetxean behin-behineko, preso prebentibo gisa, dagoela kartzelatua. Hala ere, jada hirutan ukatu diote askatasun eskaera.
Diabetea eta psoariasia lehendik diagnostikatuak izan arren, orduz geroztik anemia ere gehitu zitzaion. Apirilean, hilabetez, Zainketa Intentsiboetako Unitatean izan zuten. Orduan egindako probetan tumorea hauteman zioten barrabilean; ebakuntza joan den maiatzaren 13an egin zioten. Hala ere, hurrengo egunean espetxera bidali zuten, eta hilaren 27an, berriro, onkologikora eraman eta kimioterapia tratamendua hartzen hasi zen.
Auzitegiek dagoeneko hiru aldiz ukatu diote behin-behineko askatasuna, osasun egora oso larrian dagoen arren. Elgoibarko elkarretaratzean, larriki gaixorik dauden 13 euskal presoen askatasunaren alde mobilizatzeko dei berezia egin zuten.
Bestalde, atzo, 22 lagunek presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten Atarrabian eta asteartean, aldiz, 125 elkartu ziren Bilboko Arriagan.
Elkarretaratzea egingo dute gaur Senpereko herriko etxearen aurrean, 19.00etan, Beñat San Sebastiani Parisek ezarri dion sei urteko espetxe zigorra salatzeko. Gaur bertan, herri bereko Maiana Mendibouren aurkako epaia emango du ezagutzera Parisek.