Bigarren Mailako finala
Larralde eta Retegi Bi, buruz buruko lehen txapelaren bila
Bi aurrelari nafar gazteek inolako kexa eta arazorik gabe aukeratu zituzten atzo Zornotzan larunbatean jokatu beharreko finalerako pilotak
GARA | ZORNOTZA
Lehen Mailako final handiaren itzalean, larunbatekoa egun seinalatua izango da Iñaki Larralde eta Julen Retegirentzat, izan ere, bigarren mailako finala jokatuko baitute Zornotzan, profesional mailan jantziko luketen buruz buruko lehen txapela eskuratzeko asmoz. Atzo egin zuten partida horretarako material aukeraketa, eta ez zen inolako arazorik izan hautatzaileak aurkeztutako bildumarekin. Biek Punparen pilotak aukeratu zituzten, mugitzeko zailagoak diren 104,6 y 104,5 gramotakoak Aspeko pilotariak, eta biziagoak diren 105,4 y 105,6ekoak, Asegarceko aurrelariak.
Bi pilotarientzat profesionaletan jokatuko duten buruz buruko lehen finala den arren, Julen Retegik askoz esperientzia handiagoa dauka halako partidetan, izan ere, lau eta erdiko 2005eko finala jokatu zuen Iker Arretxeren kontra (22-12 galdu zuen) eta aurtengo Bigarren Mailako txapelketa irabazi zuen martxoan Argote lagun zuela, finalean Arretxe II.a eta Eskudero astindu ostean, 22-2 emaitzaz. Txapelketa honetan bertan izan zen orain arte elkarren aurka jokatu duten partida bakarra, final-laurdenetan, eta gero txapeldun izango zirenek 22-20 irabazi zieten Larralde eta Arrutiri.
Halako partidetan, nerbioak kontrolatzeak garrantzi handia izan ohi du. Julen Retegik horretan alde eta kontra egin diezaiokeen faktore bat dauka: Julian Retegi aitaren itzal handia. Eratsungoak inork baino hobeki daki finaletan topera jokatzen eta aholku onak emango dizkio, baina halako txapeldun handi baten semea izateak presio berezi bat ere jar lezake bere bizkarrean. Julenek, oraingoz, ondo omen darama «zama» izan daitekeen hori. «Nik nire zeregina bete behar dut, pilotan jokatzen dut eta ondo pasatzen saiatzen naiz». Oraingoz ez dagoela urduri esan du, baina badaezpada sakeleko telefonoa amatatuko duela, finala pasa arte.
Presio aldetik, Iñaki Larralde lasaiago etor liteke, hasiera batean ez baitzen txapela irabazteko pilotazaleek begiz jotako hautagaien artean. Lesakakoak argi dauka zein den bere egitekoa. «Ni ahalik eta hobekien egiten saiatuko naiz eta, ahal bada, irabaziko dugu. Lehenik, lasai jokatzera irten behar dut, eta gerokoak ikusteko daude. Botera jokatzera irtengo naiz, askotan berotu egiten bainaiz airez».