GARA > Idatzia > Gutunak

Pablo Sastre Tolosa

Futbol zelaiak

Bere minoriak «akulturatzen» dituela-eta, Indonesiarekin oso kritiko agertzen zen telebista programa batean aditutako datua: «Indonesiak egunero 300 futbol zelai adinako lurrazala kentzen dio basoari». Eta honakoa gaineratu zuen hizlariak: «Munduko errekorra dauka».

Datua buruan, duela bizpahiru urte Jaurlaritzaren eskumena diren hiru probintziei dagokien datuaz oroitu nintzen: «Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian urtero 500 hektarea, hau da, 753 futbol zelairen adinako lurrazalari erabilera artifiziala ematen zaio».

Atlasera jo nuen... Indonesiak 1.904.000 km2, Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak 7.000 km2 karratu. Papera eta lapitza hartu... Ondorioak:

EAEn urtean naturari kentzen zaion lurrazala («753 futbol zelai») x 145 = Indonesian urtean naturari kentzen zaion lurrazala (300 x 365 = «109.000 futbol zelai»). «Hiruko erregela» erabiliz... Indonesiako proportzioan, EAEn urtean 402 futbol zelai adinako lurrazal eremua artifizialduko litzateke. Baina EAEn urtean 753 futbol zelai adinako lurrazal saila artifizialtzen dute, beraz, Indonesian basoari kentzen zaiona baino, proportzioan, askoz hektarea gehiago artifizialtzen da EAEn.

Beha diezaiogun berriz ere Jaurlaritzaren datuari: «Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian urtero 500 hektarea, hau da, 753 futbol zelairen adinako lurrazala artifizialtzen da». Bada, EAEk zazpi mila... zehazki, 7.254 km2 dituenez, baina haietatik %15 (hor nonbait) dagoeneko artifizialduta daudenez eta, beraz, artifizialtzeko 6.166 km2 geratzen direnez... zenbat denbora beharko da EAEko lurrazala «erabat artifizialdu» dadin?

Niri (oraingo abiadura gero eta biziagoa dela alde batera utzita) EAEko «azkeneko arbola» (bonsaiak alde batera) 3241. urtean botako dutela ateratzen zait... Urrun? Izango al dira Jaurlaritzan ni baino matematikari hobeak. Bestela berriz azaldu beharko didate garapen iraunkorrarena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo