GARA > Idatzia > Kultura

Khuruts Begoña: «Iritzi kritikorik ez duen pertsona ikusle pasibo bat da»

Bermeoko artistak zentsura gertu-gertutik ikusi du. Orain astebete Bizkaiko Foru Aldundiak berak egindako bideo bat kendu zuen Ertibil'08 erakusketatik; bertan itu batean sartuta Guardia Zibilaren jeep bat eta Vicente Larrearen eskultura ikusten dira. Zentsuraren atzean «gutxi batzuek nahita eginiko enkoadraketa» dago Begoñaren ustez .

p044_f01_152x092.jpg

Rebeka CALVO | BILBO

Khuruts Begoña artista gazteak zentsuraren atzaparra ezagutu du. Eztabaida piztu duena berak egindako bideo bat da, «5 minutos de objetividad ante una escultura verde de Bilbao» izenburua duen bideoaren zati jakin batekin du arazoa, antza, Bizkaiko Foru Aldundiak.

Irudia Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzaren atzealdean hartu zuen Bermeoko artistak; Guardia Zibilaren jeep bat eta Vicente Larrearen eskultura bat agertzen dira itu handi baten barruan. Lana Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Ertibil'08 erakusketarako sailkatu zen - 2.000 euro jaso zituen lanak-, baina inaugurazio egunean Aldundikoek bideoa osorik ikusi eta kentzea erabaki zuten.

Josune Ariztondok, Bizkaiko Kultura ahaldunak, hala ere, lana erakusketatik kendu izana ez du zentsura ekintzatzat hartzen. Khuruts Begoñaren iritzia, berriz, bestelakoa da.

Gogoeta

Bermeotarra komunikabideen aurrean agertu zen atzo Bilbon azalpenak emateko. Bere hitzetan, «penagarria da zenbat inkomunikatu dagoen, gutxi batzuen erruz. Gero eta gehiago gara gauzak ikusteko eta entzuteko eskubidea dugun pertsonak, baina, paradoxikoki, gero eta gutxiago gara informatu gaitezkeenak eta gure iritzia eman eta sortu dezakegunak».

Zentsuratutako bideoaren inguruan artistak gogoeta «sozial, psikologiko eta politikoa» egiteko gizarteak duen eskubidea aldarrikatu zuen, izan ere, «herritar guztiok dugu gure iritzia emateko eta auzokideen iritzia jasotzeko eskubidea», esan zuen. «Hau da `5 minutos de objetividad ante una escultura verde en Bilbao' lanaren oinarri ideologikoa. Begiraden bilaketa, gutxi batzuek nahita eginiko enkoadraketa eta ikuspegi subjektiboetatik haratago, orain argi geratzen ari den bezala», gaineratu zuen. Aniztasunaren aldeko apustua egin zuen, gaine- ra, artistak; «unitate kultural zuhur, isolatu eta bereizi baina guztiz artifizialak herritarren errealitatearen izaera konplexu eta guztiz anitzaren gainetik jarri nahi dituzte nire lanari eragin dion gisako neurriekin».

Begoñaren ustez, egungo gizartean «hitz bakarraren diktadura autokritikarik gabeko herritarraren prototipo bat sortzen ari da, eta kritikarik gabeko pertsona ikusle pasibo bat da». «Gure gizarteak bizi duen egoera larria ez da, batzuek nahi duten eran, bi taldetan edo pentsamendu ofizialetan banatzen», gaineratu zuen.

Horiek horrela, Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera gaitzetsi zuen. «Boterearen gehiegikeriaren bitartez isilduriko edo manipulaturiko edozein errealitateren erakuspenak, izan konfiantza faltagatik, izan ezjakintasunagatik edota izan interes ezberdinengatik, agerian uzten du noren eskuetan gauden», esan zuen.

ERREALITATEA

Khuruts Begoñaren ustez, «errealitatea deitzen den hori esanahiak sortzea eta hedatzeaz arduratzen diren botere guneetatik egiten den eraikuntza politiko eta sozial zehatz bat da, batez ere».

Epaimahaiaren ustez zentsura ez da egokia

Khuruts Begoñaren «5 minutos de objetividad ante una escultura verde en Bilbao» Bilboko Rekalde aretoan ikusgai dagoen Ertibil'08 erakusketarako sailkatu zuen Xabier Saenz de Gorbeak, Pilar Murrek, Jose Maria Herrerak eta Andoni Eubak osatutako epaimahaiak. Guztira, 20 pieza hautatu zituzten, Begoñarena horien artean, eta artistak gainera 2.000 euroko saria jaso zuen. Epaimahaiko kideek egunotan argitu dutenez, ez dute egoki ikusten lana zentsuratu izana. R.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo