Astigarragako Irigoien-Herrero izendatu dute Gipuzkoako urteko sagardo onena
GARA |
Joan den asteburuan izan zen Gipuzkoako Sagardo Txapelketaren finala, eta Astigarragako sagardogile batek eskuratu zuen saria, Irigoien-Herrero etxeak. Bigarren eta hirugarren postuak Hernaniko Zelaiak eta Altzuetak lortu zituzten, hurrenez hurren.
Donostiako Calonge, Tolosako Isastegi eta Usurbilgo Saizar ziren finalerako sailkatu ziren gainerako ekoizleak. Antolatzaileek azaldu zutenez, zazpigarren edizio honetan inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan dira, 35 guztira. Edaririk goxoena aukeratzea ez zen lan makala izan epaimahaikideentzat. Horren erakusgarri da lehian hiru ekoizle berdinduta geratu izana. Berdinketa hausteko, adituek berriro dastatu zituzten sagardoak. Horietako batek, Guillermo Castañosek, parte-hartzaileen maila oso antzekoa zela esan zuen: «Ona, baina ez bikaina».
Irigoien-Herrero etxea azken hiru finaletan izan da. Sagardogile familiako hirugarren belaunaldiko Iñaki Irigoienek iragarri zuen kontsumitzeko punturik onena udan hartuko duela edariak. Urtean 120-150.000 litro ekoizten dute; argitu zuenez, modu tradizionalean, teknologia berriak erabiliz, eta ahal duten heinean, bertako sagarrekin.