GARA > Idatzia > Gaurkoa

Elena Martínez Rubio filosofian doktorea

Alpeetako hizkera

Hain da zoragarria Alpeetako zerua begiek gailurrez gailur hegan egiten dutenean, non H. B. Saussure ikerlari eta mendizaleari bertan bururatu baitzitzaion ortziaren urdintasuna neurtzea. Eta poz estetikoa zehaztasun zientifikoarekin uztartzeko, zianometroa sortu zuen duela bi mende.

Hain dira Alpeetako gainak zuriak bestalde, non hizkuntzalariek zuritasunetik eratorri baitzuten mendikate honen izena, latinezko alb- (zuri) erroarekin zerikusirik zuelakoan. Alb edo alm, haatik, goi-mendietako bazkalekua esan nahi du Alpeetako hizkeran -hots, alha-, hitza nondik datorren argi ez dagoen arren.

Hain ziren, azken batean, guri-guriak Alpeetako belardi musker hezeak behialako bizilagunen ikuspegitik, non ametsetako leku bilakatu baitzituzten, baita edertasun amaigabearen adierazgarri ere.

Esloveniar elezahar batek dioskunez, arretaz eta begiratuki ibili beharra dago kontuotan, nolanahi ere. Horra hor, esaterako, haranetik mendian gora abiatutako bidari bat, zenbat eta gorago hainbat eta azkarrago igotzen ari dena, geldialdirik egin gabe, mendi tontor eguzkitsuek izan ohi duten xarmak erakarrita. Ustekabean, alabaina, elurrarekin muga eginez, inoiz ikusi gabeko alhapide miresgarria idoro du goragune batean. Eta larre gozo zabalaren erdian, basahuntz talde bat bazkan.

Ikuskari berezia... Orkatz zurien artean urrezko adakera distiratsua duena geratu baitzaio so, zirkinik egin gabe: Zlatorog. Higitze arinei antzematen ohitua dagoen arrotzak berriz, begiak itxi eta «beti» esan du oraingoan. Begiak ireki dituenean, berdin mintzatu zaio barnea: «betiere».

Une honetantxe, galzoriaz ohartarazi diote emakume ahots batzuek. Rojenice izeneko giza babesle ikusezinok lainoa bidali diote jarraian, eta herrira jaitsarazi. Euri astuna zabaldu da zainetatik barrena bidaztiaren bihotzera. Atzean utzi ditu belarra laztantzen ari ziren basabereak, Triglav mendiko hiru buru goibelduak, mendi mazela isil itzaltsuak.

Hala ere, ehiza bihurtu nahi izan du orkatza. Atzitu. Harrapatu. Hil. Eta leku berera itzuli da geroago, maitemindu denean. Lortu du, azkenik, Zlatorog zauritzea. Honek, ordea, bere odol tantetatik sortu berri diren liliak jan eta laster berreskuratu ditu indarrak. Jauzika egin dio alde harrapatzaileari, hilezkortasunak ihes egin dion bezalaxe.

Baina orpoz orpo jarraitu dio ehiztariak, haitzez haitz, amildegiz amildegi, Zlatorogek haserre bizian tenk egin duen arte. Behera begiratu behar izan du orain jazarleak, urrezko adarren gorritasunak itsututa. Eta azpian duen leizeaz bat-batean jabeturik, zulo beltzean amildu da, izuaren izuz.

«Zarrast, zarrast!» -xuxurlatu du segak Herioaren eskuetan. «Ebaki, ebaki! Belargiro dago eta». Zalu doa dailua, tai gabe higika, burututakoaren lepo-egile trebea...

Hain ondo zekiten antzinako giza taldeek atsegina nondik zetorkien, hain zen irmoa bizi ziren inguruarekiko zuten atxikimendua, non esku sartze oro kezkabide baitzuten. Beti zentzuz eta neurriz, taxuz eta begirunez jokatu behar zelako beren ustetan, epe luzean ezer ez lardaskatu ez hondatzeko.

Bada, izadiak bere burua elikatzen du eraldaketa biribilez. Gizabanakoa aldiz, bazterretik dago begira, hiltze eta birjaiotzearen gurpiletik noizbait -batek daki zergatik- urrundu eta kanpotartu izan balitz bezala. Eta behinola bertara itzuli eta bere jatorriarekin bat egiteko eginahal guztiak egiten bazituen ere, gaur ostera, giza hilkortasunaren legea nonahi ezarri gogo duela dirudi, natura bera akitzeraino.

Milaka urte igaro dira ehiztari hura desagertu zenetik. Hamaika aldiz zapaldu eta beretu dituzte basapiztiek haren oinatzak, hamaika aldiz egun-argiak suntsitu. Milaka aldiz egin dute dantza harrezkero hitz jauzkariek. Hauek, hala eta guztiz ere, keinuka eta aieruka ari zaizkigu oraindik, lehengo garaietako zantzuak bila ditzagun, iraganeko hotsen bat, oihartzun txiki bat bederen. «Al-», adibidez, belarrarekin eta landareekin lotura duten hainbat hitzen hastapena -euskaraz, alegia.

Euskal segalariak ere bihurtu dira Alpeetako zelai ederretara aspaldion. Usadio zaharrari eutsiz, belarra segaz jotzen aritzen dira urtero, hangoekin lehian uda jaio berria ospatzeko. Edota hazitakoa ebakiz, beste hasieretarako bide emateko.

Liluragarriak dira Alpeak, izan ere. Friederike Mayröcker Austriako idazle ospetsuaren olerkiak gogora ekartzen dizkigu: «...orduan mendietan abuztua zen/ eta arratsaldeak hotzak/ baina erre egiten zuen gure gogoak/ gauez izarrak ortzian zenbatu artean.../ malkoak begietan jesartzen ginen/ laburregia zelako gure bizitza».

Laburra izan daitekeelako gure bizitza. Bai eta iraunkorragoa denaren aztarnak hartzeko aukera ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo