GARA > Idatzia > Mendia

Eskalada bloke txapelketa

Mundumira festak tartea egin zion blokeari

Txapelketak 34 parte-hartzaile izan zituen, eta bi maila izan ziren: 18 urtez azpikoak eta nagusiak. Jon Beñat Agirre, Esther Cruz eta Jon Sard izan ziren garaileak.

Andoni ARABAOLAZA | BERGARA

Munduko kulturen festa, Mundumira, inoiz ez bezala festa handia izan zen. Aurtengo ekitaldiaren arrakastak erabat harritu zituen antolatzaileak. Joan den ostiraletik igandera ospatu zen ekitaldi berria eta, azken urteotan bezala, mendiaz gainera, bloke txapelketak ere berezko lekua izan zuen.

Bergaran izan zen hitzordua eta, probak izaera herrikoia badu ere, eliteko hainbat eskalatzailek ez zuten galdu nahi izan festan parte hartzeko aukera. Horretarako, apirilean Zarautzen jokatu zen Euskadiko Txapelketari begiratu besterik ez dugu. Bai, Mundumirako lehian Esther Cruz (nagusien txapelduna), Antton Zabala (nagusien txapeldunordea), Gorka Karapeto (nagusietan finalista), Aritz Dominguez (18 urtez azpikoetan garaile), Jon Beñat Agirre (18 urtez azpikoetan finalista)... bertaratu ziren. Eta horiek guztiekin batera makina bat lehiakide herrikoi. Guztira 34 lagun bildu ziren Bergarako hitzorduan: bost neska eta 29 mutil. Horiek guztiak, gainera, bi mailatan banatu ziren: 18 urtez azpikoak eta nagusiak.

Den-dena prest zegoen 11.00etarako. Ohi den legez, sailkapenekin hasi ziren. Josean Mulas eta enparauek sei bloke prestatu zituzten eta, oro har, bai goizeko txandan bai arratsaldeko finaletan ekipatzaileen lana ona izan zen. 34 parte-hartzaileek, den-denek elkarrekin, ordu eta erdi izan zuten antolatutako sei blokeak gainditu ahal izateko. Jakina, eskalatzaileek dena eman behar izan zuten «buruhausteak» ahalik eta saio gutxienean gainditzeko; horiek pasatu ziren final ezberdinetara.

Ikusleei dagokienez, ez ohiko egoera eman zen Bergaran. Bai, beste lehiaketa batzuetan ez bezala, sailkapenak ikustera lagun mordoa bertaratu zen. Jakina, asko eta asko munduko kulturen festara hurbildutakoak ziren.

Final estuak

Arratsaldeko finalerako, berriz, hiru bloke prestatu zituzten. 18 urtez azpikoetan, ohiko espezialistak gogor lehiatu ziren. Ia beti finaletan elkarrekin ikusten ditugu, eta aurtengo denboraldiari dagokionez, inolako zalantzarik gabe, Jon Beñat Agirre ikusten dugu indartsuena. Euskadiko Bloke Txapelketan finalean izan zen, baina ezin izan zuen garaipena eskuratu. Diman antolatutako Euskadiko Eskalada Txapelketan, ordea, bera izan zen onena. Eta sasoi hori baliatuta, Agirrek ez zien bere lehiakideei aukera handirik eman eta Mundumirako proba eskuratu zuen. Haren atzetik, berriz, Jon Viejo eta Iñaki Viejo geratu ziren.

Neska nagusietan, bestalde, probak oso harrera eskasa izan zuen. Hala ere, norgehiagoka politak ikusteko aukera izan zen. Espero genuen bezala, Esther Cruz finalerako sailkatu zen eta txanda horretan ere bera izan zen eskalatzailerik indartsuena. Hain neska gutxi izanda, gazteenak ere nagusiekin lehiatu ziren eta, hara non, Josebe Zarautz jubenilak eskuratu zuen bigarren postua. Maite Segurola izan zen podiumean hirugarrena.

Eskaladako zein blokeko lehiaketa guztietan bezala, mutil nagusien mailak bereganatu zituen begirada ia guztiak. Eskuarki, ikuskizuna eskaintzen dute, eta Bergarako hitzorduan ere ez zuten hutsik egin. Hirugarren blokea zen gogorrena eta, hain zuzen ere, azken hori bihurtu zen giltza. Eta hori esan dugu lehenengo hiru sailkatuek hiru blokeak egin zituztelako, baina irabazleak, Jon Sardek, saio gutxiago behar izan zituen.

Azkenaldian, Sard ez dugu lehien sailkapenetan aurrean ikusi; ia ez dugu ikusi ere egin probetan. Baina Mundumirako honetan ondo baino hobeto eskalatu zuen. Bigarren sailkatua probako faboritoetako bat izan zen: Gorka Karapeto. Goizeko sailkapenetan indartsu jardun zen eta bazirudien garaipenak ez ziola ihes egingo. Baina, aipatu dugun legez, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Blokeko beste espezialista indartsu bat, Markel Mendieta, berriro ikusi dugu podiumean sartzen; izan ere, hirugarren izan zen behin betiko sailkapenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo