Behatokiak Nafarroako Arartekora jo du euskarari buruzko salaketekin
Behatokia Nafarroako Arartekoarekin bildu zen atzo, 2007ko salaketen berri emateko, «Euskararen Telefonoa»n jasotako deien %39 herrialde horretatik etorri baitira. Behatokiak eragileekin biltzen jarraituko du.
GARA |
Hizkuntz Eskubideen Behatokia Nafarroako Arartekoarekin bildu zen atzo, 2007. urtean jasotako salaketekin eratu duen txostena aurkezteko. Behatokiko Paul Bilbaok Javier Eneriz herritarren defendatzaileari jakinarazi zionez, «jasotako kexen kopuruak gora egin du aurreko urtearekin alderatuta», eta «Nafarroako Gobernuak, gainerako administrazioek bezala, hizkuntza eskubideen urraketak ohiko bihurtu» omen ditu.
Eskubide urraketak eta euskararekiko utzikeria Euskal Herri osoan salatzen badira ere, «Euskararen Telefonoa» zerbitzuan jasotako kexen %39k Nafarroan izan du jatorria; hein horretan, Bilbaok salatu zuenez, «zoritxarrez, Euskararen Legeak eskaintzen dituen aukera urriak ere ez betetzea arau bihurtu da».
Gizarte eta ekonomia arloetan Nafarroako Gobernuak izan duen jarrera diskriminatzailea ere gaitzetsi zuen; izan ere, «antolamendu juridikoak ez du kontuan hartzen Nafarroako euskaldunek kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak, herrialde osoa `inguru ez euskalduna' bailitzan eratu baita», azaldu zuen Behatokiko zuzendariak.
Behatokiak joan den apirilean aurkeztu zuen Iruñean 2007an jasotako kexekin eta horiekin ateratako ondorioekin eratutako txostena. Atzo Bilbaok adierazi zuenez, «administrazioentzat oso tresna interesgarria da; hiritarrek pairatutako urraketak biltzean, horiek konpontzeko beharrezkoak diren neurriei buruz hausnarketa egiteko aukera ematen du txostenak». Apirilean azaldu zuten administrazioekin eta bestelako eragileekin bilzeko asmoa. Atzo Nafarroako Arartekoarekin elkartuz eman zioten hasiera harreman erronda horri, eta hemendik aitzinera gainerako arduradunei txostena eta ondorioak ezagutzera ematen segituko dute.
Sanzen Gobernuari kexak
Behatokiaren txostenean ageri denez, Nafarroako Gobernuak 130 kexa jaso zituen iaz. Lehendakaritza, Justizia eta Barne sailei dagozkie horietako 12; Ekonomia eta Ogasuna, eta Hez- kuntza sailek, 14na kexa jaso dituzte; Ingurumen, eta Kultura eta Turismo sailek 8 eta 9, hurrenez hurren. Osasunbidea da, ordea, kexa gehien jasotzeagatik nabarmentzen dena: 50. Behatokiak esan zuenez, osasunaren alorrean ez da zaintzen Euskararen Legeak zehazten duen lurralde banaketa, eta nafar guztiak «ez euskaldunak» balira bezala hartzen omen dituzte.
Administrazio jarduerak gaztelania hutsean burutzen direla, euskaraz jasotako idazkiei muzin egiten zaiela eta «eremu euskaldunean» seinaleak gaztelania hutsean jartzen dituztela nabarmendu dute txostenean.
Behatokiak dioenez, Nafarroan hainbeste aldiz salatutako Euskararen Legea bera ere ez du betetzen Gobernuak. Osasunaren alorrean adibidez, «eremu euskaldunean» ez dago bermatuta euskarazko arreta.