GARA > Idatzia > Kultura

Ahmad Jamal, jazz munduko izen handia Baionako jaialdian

Uztailaren 11 eta 13 artean egingo da aurten La Ruée au Jazz jaialdia. Urtero Lapurdiko hiriburuan jazz musikaren doinu anitzak azaltzea helburu duelarik, aurten, berriz ere, musikari esanguratsuak dakartza egitarauak. Horien artean Ahmad Jamal dago. Bestalde, Mina Agossi, Erik Truffaz edo Tom Mc Clung entzuteko parada izango da. Ohi den bezala, karriketan ere emanaldiak izango dira, eta aurten fanfarrei eman diete lehentasuna antolatzaileek.

p048_f01_37779.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Archie Shepp-ek duela hiru urte Baionan egin zuen agerpenaren ildotik, aurten La Ruée au Jazz festibalak jazz munduaren bigarren izen esanguratsu bat izango du egitarauan: Ahmad Jamal. Estatubatuarra sortzez, Jamal jazz munduko izen handienekin aritu da, horien artean Mails Davis bera. «Diotenez, Davisek Jamal ezagutu ez balu ez zuen sekula lortuko ezagupena, eta Jamal aipatzen delarik, askok honako esaera bota ohi dute: bi eskuin eskuko piano-jotzailea edo profeta dela», nabarmendu zuten jaialdiko antolatzaileek pertsonaiaren berezitasuna goraipatzeko.

Jazz garaikidean sailkaturiko artista uztailaren 12an agertuko da taula gainean, «It's magic» izeneko bere azken diskoa aurkezteko.

Ahmad Jamal-en presentzia La Ruée au Jazz jaialdian aipagarria izan arren, hiru egunez eskainiko duten programazioa jazz munduko artista hori bezain interesgarria izango da.

Beste artista esanguratsuen artean Mina Agossi bera dago. Duela sei urte La Ruée au Jazz jaialdia abiatu zenetik ekitaldiaren amabitxi izendapena onartu duen abeslariak, «Simple Things» disko berria aurkeztuko du uztailaren 11ko gaualdian.

Bost urteotan Mina Agossi jazz munduko artista nabarmenenen artean kokatu da. Jada bost disko kaleratu dituelarik, lau urte egon da Baionako jaialdira hurbildu gabe. Aurten berriz, kontrabaxu eta bateriarekin hurbilduko da jaialdira.

Eta, azken bi izen handiak, uztailaren 13an oholtza gainean izango den Erik Truffaz eta uztailaren 11n izango den Tom Mac Clung dira. Igande gauean jazz elektrikoan murgiltzeko aukera emanen du Truffaz tronpeta-jotzaileak Baionan «Arkhangelsk» diskoa aurkeztuko duelarik. Tom Mc Clung, berriz, Archie Sheppekin luzaz aritu ondoren bere bakarkako lehenengo lana eskainiko du. Lau izen nabarmen horietatik at, La Ruée au jazz jaialdiari esker Baiona jazz erritmoetan murgilduko da hiru egunez.

Bi gune ezberdin

Aurten, seigarren urteurrena ospatzen duela-eta, beti ere jazza ahalik eta publiko zabalenari helarazi nahian bi gune nagusi antolatu dituzte: Mail Chaho Pelletier parkean bata, eta elkartetxean bestea. Maider Etxeberri antolatzaileak argitu zuenaren arabera, bi gune nagusitan banatuz bi giro ezberdin sortu nahi dituzte. «Chaho Pelletier parkean festa giroa nagusituko da eta elkartetxean, berriz, intimistagoa». Jazz klasikoko kontzertuak, izan ere, elkartetxean izango dira, hau da, Mina Agossirena eta Ahmad Jamalena. Bigarren gunean, Eric Truffazekin batera, jazz munduan sailkatuak ez diren artistak ere entzungo dira, esate baterako, Victor Démé eta Daara J. «Jazz estilotik at dauden artistak dira. Baina, horrelako emanaldiak antolatuz jazza ezagutzen ez duen publiko batengana iritsi nahi izan dugu», gehitu zuen Etxeberrik. Publiko berri batengana heltzeko, La Ruée au Jazz jaialdiko antolatzaileek bi artista engaiatu gonbidatzea erabaki dute. «Jazzean mota askotako doinuak entzuten dira, baina kanpoan ere zer egiten den erakutsi nahi izan dugu», gehitu zuen. Honela, Victor Démék Burkina Fasoko blues folk musika azaltzen du, eta Daara J Senegaleko reggae musika egilea da.

Musika emanaldietatik at, karriketan ere jazz doinuak entzuteko aukera izango da. Kalean, izan ere, txarangak ibiliko dira Mabreuch eta Pastors of Muppets fanfarrearekin. Horiekin batera, Pasteur plazan bertako taldeen emanaldiak izango dira, Nahas eta Taxicolor jazz Quintet taldeak hain zuzen ere.

Bi gune, bi giro

Aurten jaialdiak bi gune izango dituela-eta, egitarauak bi giro ezberdin bilduko ditu. Mail Chaho Pelletier guneko emanaldietan festa giroa nagusituko da. Elkartetxean, berriz, giro intimistagoa izango da. Ahmad Jamal izango da bertan.

Sarrerak prezio apalean jazza jendarteratzeko

«Jazz musika jendarteratzea», hori zen duela sei urte jazz zale talde gazte batek La Ruée au Jazz jaialdia abiatu zuelarik zeukan xedea, eta helburuak bere horretan jarraitzen du gaur egun ere. Urtez urte azaltzen joan diren programazioari esker, hasierako apustu hura hein batean lortu dutela nabarmendu zuten antolatzaileek.

Iaz 11.000 ikusle elkartzea erdietsi zuten. Eta, jazz munduko doinu anitzak ahal bezain publiko zabalenari helarazteko nahian emanaldien sarrerak urririk edo prezio apalean izan daitezen ahalegindu dira. Izan ere, kontzertu nagusien sarrerak 10 eta 15 euro artean jarri dituzte.

«Hautu bat da. Jazz mundua zabala eta aberatsa da, eta hura herritar guztiei hurbildu nahi diegu. Horregatik, prezio apalean jarri ditugu sarrerak. Europan ez dago gure filosofia duen beste jaialdirik. Eta, prezio horiek finkatu arren urteko aurrekontua positiboan bukatzen dugu», azpimarratu zuten antolatzaileek. Horrenbestez, dirulaguntza handiak izan ez arren, erronka hori jaialdiaren inguruan aritzen den laguntzaile taldeari esker lortu zutela adierazi zuten. A.B.

Ficha

Lekua: Baionako Mail Chaho Pelletier eta Elkartetxea.

Egunak: Uztailaren 11tik uztailaren 13a arte.

Antolatzaileak: Swing Home elkartea.

Sarrerak: Batzuk 10 eta 13 euro artean; beste batzuk doan

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo