65 orduko lanaldia, positiboa norentzat?
Europar Batasuneko Lan ministroek onartu berri duten lanaldiari buruzko zuzentaraua estatukideen ibilbide neoliberalaren beste adierazle bat da. Parlamentuak berresteko zain, Europako Batzordeak positibotzat jo, eta aurrerapausoa dela esan du. Gehienezko lan astea 48koa bada ere, enpresariaren eta langilearen arteko akordioen bitartez, lanaldi hori 60koa, eta zenbait kasutan 65ekoa ere, izan liteke. Zuzentarauaren arabera, langileek 48 ordu baino gehiagoko lanaldia egiteko aukera ematen duen klausula onartu beharko dute, luzapena mehatxupean gerta ez dadin; xedapen horrek, ordea, ez du eraginik hamar aste baino gutxiagoko kontratuetan eta, beraz, lanaldi horiek ez dute mugarik izango.
Zuzentaraua positiboa da, dudarik gabe, enpresarientzat, baina langileen lorpenean atzerapauso nabarmena da, babes xedapenak barne; izan ere, horiek badute zuzentaraua arriskutsuagoa egiten duen elementu makurrik. Lan harremanak enpresariaren eta langile bakoitzaren arteko akordiora mugatzen dituzte eta, beraz, langilea egoera ahulagoan jarriko dute, lan hitzarmenak indargabe uzteraino. Lan merkatuan prekarietatea gero eta handiagoa den honetan txantxa moduan baino ezin da hartu langileen segurantzaren mesederako dela esatea. Horiek horrela, sindikatuek hausnarketa egin beharko lukete langileen eskubide-galeraz, lorpen sindikalak etengabe defenditu behar baitira, langileen eskubideak ez baitituzte enpresariek defendituko, baina, ikusitako moduan, estatuetako agintariek ere ez. Bestalde, lan merkatua guztiz desarautu ondoren, bada prekarietatea ezaugarri duen langile multzo gero eta handiago bat, borroka sindikaletik kanpo, eta sindikalgintzak hori bereganatzeko ahaleginak egin beharko lituzke.
Erronka handia, beraz, sindikatuena, enpresarien interesen araberako legeak eratzen dituen Europar Batasun honetan, izan ere, eskubideetan, batez ere prekarietaterik handienean diren eskubideetan, etengabe atzera ari baita. Erabaki garrantzitsuenen aurrean herritarrei galdetzeko beldur den Europar Batasun honek, sentsibilitate demokratikoari eta lan harremanei dagokienez, garai zaharrak, oso zaharrak, dakartza gogora.