GARA > Idatzia > Athletic

Luis Llopis izango da Athleticeko atezainen prestatzailea

p037_f02_97x96.jpg

Beñat ZARRABEITIA | BILBO

Azken egunotan ahoz aho zebilena atzo baieztatu zuen Athleticek, Luis Llopis izango da zuri-gorrien atezainen entrenatzaile berria. 44 urteko hernaniarrak ibilbide luzea du goi mailako kirolean; Hernanin, Real Unión-en, Real Sociedad-en eta Real Madril-en ibilitakoa da eta nazioarteko hainbat talderen entrenamenduak -Bayern, Liverpool, Barcelona eta Holanda, Frantzia eta Alemaniako selekzioak besteak beste- aztertu ditu.

Orain, bizkaitarrekin 2010era arteko kontratua sinatu du eta lehen taldeko atezainen prestatzailea izateaz gain, harrobiko taldeetako atezainen entrenamenduen koordinatzaile ere arituko da. Horiek horrela, hernaniarra gustura agertu zen Athleticen webgunean: «Erronka handia da niretzat, batik bat Athleticek eta Caparrósek niganako konfiantza erakutsi dutelako. Hiru urte eman ditut Real Madrilen eta hona etortzea oso urrats garrantzitsua da eta ez zegoen eskaintzari muzin egiterik».

Zuri-gorriek egun dituzten atezainen inguruan, Llopisek zera adierazi zuen: «Gorka Iraizozek, Lafuenteren eta Armandoren laguntzarekin, estatuko onenen artean kokatzeko erronka du».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo