Xiba V. Euskal Herrien Arteko Euskal Jokoak
Urduritasuna, lehia eta jaia Usurbilgo kanporaketan
Igeldo eta Ibarrak lortu zuten gipuzkoarren kanporaketan finalerako sailkatzea. Alkartasuna Nekazari elkartearen 100. urteurrena ere ospatu zuten igandean.
GARA | USURBIL
Gipuzkoako Herrien arteko Xiba jaialdiko bigarren kanporaketa jokatu zuten igandean Usurbilgo plazan, jendetza bildu zela bertan. Lehian izan ziren Igeldo, Ibarra, Hernani, Egia, Usurbil, Antigua eta Tolosa eta, goizaldera, urduritasuna nagusi izan bazen ere, arratsalderako lekua hartu zioten lehiak eta jaiak, jaialdi ikusgarri bat itxuratuz.
Eguraldia lagun, parte-hartzaileak 10.30ean hasi ziren agertzen. Urduritasun pixka bat ere nabari zitzaien, eta dezente iraungo zien horrek, jaialdia 12.00ak arte ez zen-eta hasi. Hainbat proba izan zituzten. «Jaso Altxa» multzoa: harri-jasotzea, ingudea eta lasto altxatzea; «Auzolanean»: txinga-eramatea, trontza, zaku-eramatea, eta lokotx-biltzea; eta horiez gain, sokatira, ziba-jaurtiketa, dantza eta toka. Taldeak ederki moldatu ziren, nahiz eta plazan, hainbeste jenderen aurrean, parte hartzera ohituta ez egon.
Sailkapenaren arabera, Igeldok -663 puntu- eta Ibarrak -658- lortu zuten ekainaren 28an, Idauze Mendin, «Euskal Herria Zuzenean» ekitaldiaren barruan, jokatuko duten finalerako sailkatzea. Gipuzkoatik, Igeldo eta Ibarraz gain, Idiazabal, Zizurkil eta Asteasu ere sailkatu dira. Azken finalean Euskal Herri osoko 24 talde izango dira.
Giroa eta ospakizuna
Giro ezin hobean jardun ziren zazpi taldeotako kideak. Alde batetik, taldeen arteko lehia edo demak emozioa eta ikusgarritasuna eman zion jaialdiari, eta horren lekuko, Tolosa eta Ibarra herrietako bizilagunen artekoa, Hernani eta Usurbil herri sagardogileen artekoa, eta azkenik Donostialdeko hiru auzoen artekoa -Egia, Antigua eta Igeldo-.
Aipatu behar da, egun berezia zela Usurbilgo herrian, igandean Alkartasuna Nekazari elkartearen 100. urteurrena ospatzen baitzuten eta horrek ere ukitu berezia eman zion egunari.
Jaialdiaren ondoren izan zen bazkaria ere ezin, bada, aipatu gabe utzi. Mikel eta Larraitz trikitilariek lagunduta -trikitilariak ez ezik, parte-hartzaile ere izan ziren-, bazkalorduko giroa ere paregabea izan zen, goizeko saioari jarraipena emanez. Hala, sagardo kupelaren inguruan goizeko saioan gertatutakoaren inguruko komentario eta adar jotzeak entzun zitezkeen.
Bizi zen giroaren ondorioz jan-edanak arratsaldeko 18.00ak arte iraun zuen. Batzuentzat, hala ere, eguna ez zen hor bukatuko, eta batek baino gehiagok ilargia ere ikusiko zuen Usurbilgo zeruan, nahiz eta gau lainotsu eta euritsua izan.