GARA > Idatzia > Futbola

EUROKOPA D Multzoa

Villak argi utzi du, baita Europan ere, Mareo modan dagoela

Sportingeko harrobian hazitako aurrelariak, atzean utzi zuen bere boladarik zailena eta bere burua aldarrikatu zuen. Horrela, Eurokopako lehia batetan «hat-trick»a egin duen zazpigarren jokalaria da

p039_f01_097x176.jpg

ESPAINIA 4

ERRUSIA 1

Beñat ZARRABEITIA | BILBO

Jada ezaguna den istorio baten beste kapitulu bat ikusi genuen atzo. Espainiarrek garaipena lortu zuten nazioarteko txapelketa handi bateko lehen partidan, eta jarraitzaileak eta hedabideak hasi dira jada airean gazteluak asmatzen. Nobedaderik ez, baina behea jo artekoa dute, hori ere ez baita ezustekoa izango.

Luis Aragonésen taldeak Errusiak egindako akats piloa aprobetxatuz, lau eta bateko emaitza erraz eskuratu zuten. Gol sorta horretan protagonista nabarmena izan zen David Villa, hat-tricka lortu baitzuen. Horiek horrela, Eurokopa bateko norgehiagoka batean hiru gol sartu dituen zazpigarren jokalaria da astuariarra. Haren aurretik, Dieter Müller, Klaus Allofs, Michel Platini -birritan-, Marco Van Basten, Sergio Conceiçao eta Patrick Kluivertek lortu zuten kontrako atea hirutan zulatzea. Beraz, Villak egindakoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Atzoko partidarekin, jokalari espainiarrak atzean utzi du bere denboraldirik zailena. Valentziak oso urte eskasa egiteaz gain, Villak gaizki pasatu du lagunak zituen Cañizares, David Albelda eta Angulo taldetik at utzi zituztelako, eta Koeman eta taldeko jokalarien arteko harremana oso txarra zelako.

Egoera horrek, etorkizunaz hausnarketa egitea ekarri dio Villari. Eskaintzak izango ditu, ziur. Juan de Ramos gidatzen ari den Tottenham bera fitxatu nahian dabilela argitaratu dute jada Ingalaterrako hedabideek. Berak, bitartean, Eurokopan buru-belarri ariko dela adierazi du aurreko egunetan, eta Errusiaren aurka, behintzat, hitzok egia borobila direla erakutsi zuen.

Hiru gol horiekin, golegile nagusien taulan Podolski aurreratu, eta merkatuan duen balioak gauetik goizera gora egin du. Gainera, bere betiko taldeak, Gijóngo Sportingek, Lehen Mailara igotzea lor dezakeen astean iritsi zaio arrakasta. Horrela, ia hamarkada batean etengabe «krisian» egon den Mareoko harrobia, orain, puri-purian dago.

Futbolaren legea: emaitza eskasek ziurgabetasuna dakarte -aurten Villarekin eta aurreko hamar urteetan Sportingeko harrobiarekin gertatu bezala-; emaitza onek, aldiz, ospea eta kritika gozoa. Hala, Villarekin izan zitezkeen zalantzak ordezkatzeko orain hedabideek Fernando Torres hartuko dute ziurrenik jomugan, eta Mareoko lana eskasa zela ziotenek, Manolo Preciado eta bere mutilen jarduna lorez jantziko dute.

Erdibiderik ere bada, noski, eta Villa bera da horren erakusle. Langreon jaiotako mutilak herriko taldean eman zituen lehen urratsak. Oviedoko behatzaileen jakin-mina piztu zuen, 17 urte zituela, baina talde urdineko teknikariek erabaki zuten Villak ez zuela behar bezainbesteko mailarik. Garai hartan, 1998an, Lehen Mailari nahiko lasai eusten bazekien taldea zen, artean, Oviedo. Horren betiko aurkaria, ordea, Sporting, historiako puntuaziorik eskasenarekin Bigarren Mailara jaitsi zen. Testuinguru horretan ailegatu zen David Villa Mareora, gazte mailako taldean aritzeko.

Hiru urte geroago, lehen taldearekin debuta egin zuen. Zuri-gorriekin 51 gol erdietsi zituen 115 partidatan. Horrek Zaragozan arreta piztu zuen, eta hiru milioiren truke, jokalaria eraman egin zuten. Geroztik, Ebroren hirian, Valentzian eta Espainiko selekzioan egin duen ibilbidea aski ezaguna da. Orain, bere krisi partikularra ahaztuta, Mareo berriz ere bolo-bolo dabilela erakutsi du.

 
 
 
 
 
 
 
 
eSPAINIa

4

errusia

1

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo