Joxean Agirre Agirre Soziologoa
Oiloa lumatu
Erabakitzeko eskubidearen aitzakian abiatutako fase luze honen bukaeran ezker abertzalea desagerrarazi nahi dutela uste du Joxean Agirrek. Ekainaren 27an Gasteizko Legebiltzarrean barretxerek proposatutako galderak onartu edo atzera botatzeko osoko bilkura izango da, eta denek ezker abertzaleari begiratzen badiote ere, koska ez da hark zer egingo duen, Agirreren ustez, proposamenaren «sukaldariek» zer egingo duten baizik.
Alea jacta est! moduko bat iragarri berri digute Ibarretxek eta bere gobernuari sostengua ematen dion Hirukoak. Berrogeita bost segundoan irakurri eta ulertzen den galdera bikoitzari amen esanda, di-da desagertuko dira bai gatazka bera, bai beronen ondorio zital guztiak. Pertsona argiak beti jartzen ohi dira besteen larruan eta, ondorioz, beren kezkak, beldurrak, zalantzak, beharrak eta, guztira ere, uste osoak hautemateko gai izaten dira. Ibarretxe lehendakaria gizaki enpatikoa dugu, zinez. Hirukoa bezala, diote, intuizioak gidaturiko buruzagiek eta aholkulariek sukaldatu baitute jendarteari konponbidearen giltza eskaintzeko proposamena. Hori da, besterik ez, galdeketa, eta horri ezetz esaterik ez dagoela, osoko bilkurara deitu dute, ekainaren 27an, Gasteizko Legebiltzarrean. Nork bere buruari argazkia egingo dio batzaldi horretan, baina irudipena dut galderok ia begiratu ere egin gabe bestelako interesek ardaztuko dutela osoko bilkura eta, ondorioz, ditxosozko galdeketaren patua.
Lehenik eta behin, asmoak dira aztertu beharrekoak proiektu baten bideragarritasuna neurtzeko, eta kontsentsua zein elkarlana alboratu dituen prozesu bat burutzean, Ibarretxeren xedea akordio eza dela begitantzen zait. Gihar sozialari bizkarra emanda, Erabaki izeneko manifestu bati atxikimendua eman zioten ehun ospetsuen koltxoia ezarri du lehendakariak lurraren gainean. Beste ezer gehiagorik ez espainiar legedia eta herri-nahiaren arteko talka indargetzeko edo, aukeran hobea, Estatuaren indarrezko jarreraren aurrean jendarte erreakzioa sustatzeko. Blog bat, manifestu bat eta bi galdera, hori da legebiltzarrera eramango duten proposamenaren fondo-hornikuntza. Edonork esango luke grabitate legeari erreparatu gabe inposizioa eta gure nahiaren artean ahalik eta talka bortitzena bilatzen duela, gerora, beldurraren beldurrez, eta ardura instituzionalaren magalean, enfrentamendurako prest ez dagoen jendarte mediatikoari hel eginez, atzera egin eta errudunei kontuak eskatzen hasteko. Ez legoke gaizki, haatik, errudunak zintzoki seinalatu, eta harrikatuz gero; baina jeltzaleen usadio zaharra ezagututa, EAJtik entzuten diren anatemek eta topikoen errapetik egiten duten edoskaldi amaigabeek bestelako errudunak bilatzen dituztela pentsarazten didate. Beraz, ez da giro. Ez da, eta ez da egongo, Ibarretxeren jomuga oportunista delako. Interes partikularrak sendotzeko deitu dute legebiltzarreko osoko bilkurara, asmoak asmo, beste indar korrelazioa bilatzeko bertantxe, beren benetako proiektuak gauzatzeko ordezkari deserosoak sobran dituztelako. Ez gaitezen engaina: erabakitzeko aitzakiarekin eraikitako fase luze honen azken pasartean ezker abertzaleari eman nahi diote herio-ukaldia. Horretarako manifestua, bloga eta galdeketa proposamen faltsua.
Bestela, norbaitek imajina dezake Ibarretxeren gobernua espainiar gobernuari planto egiten? Hauteslekuak Ertzaintzak babestuta eta debekuari branka jarriz? Legebiltzarrek egokiaraziko duten euskal jendartearen legitimitate demokratikoa azken bururaino eraman eta defendatuko dituztela sinesten duenik ba al dago? Jende laño eta xaloa da gurea, baina ez inozoa. Nafarrek, esaterako, munduko borondaterik hoberena eta guzti, nekez hartuko dute parte, NaBai-ko parke tematikoan atzera-aurrera diharduen fauna txikiak jelkide eta independenteen partitura irakurri eta tamainako musika baino ez baitu jotzen. Aspaldi utzi zuten Nafarroa unionisten esku, eta oraingo honetan ere lurralde egituraketa lehendakariaren agendatik kanpo geratuko da berriro, nafarren eskubideak kudeatzeko ETBn eszedentzia hartu zuen Uxue eta bioetiko ernegatua den Koldo daudelako, gainerako ipotxekin batera, modan dagoen abestia kantatuz: «Pixka bat es mucho».
Hiri, herri, auzo eta aziendak zeharkatuko dituen Abiadura Handiko Trenaren garapen diseinuak ere kontsultaren deitzaileen sinesgarritasunari buruz hainbat argibide utzi du burnibidean. Izan ere, espainiar gobernuarekin tirri-tarra hauek antzezten duten bitartean, kutsu estrategikoa daukan halako makronegozio baten plangintza eta txikizio komuna adosteko ez dute oztoporik aurkitu. Elkarbidea negozioetan eta mutur joka estatu aferetan? Oso betea izan gaberik ere, ezarian-ezarian ezkutaketan dabiltzala ikusten dugu. Demokraziaren paradigma den kontsultarako grina berbera erakutsiko balute AHTko proiektuari buruz galdetzeko, Ibarretxeren mimika urduria ez litzateke horren susmagarri geratuko.
Jendartea konbentzitzeko gogo eta bitartekorik ez badago, ondo ustean dihardutela pentsatzen duen pertsona kopurua gero eta urriagoa bada, eta norabide egokian bidaide ezinbestekoa den ezker abertzalea begiz jota dutenez, Gobernua osatzen duten alderdien aldetik etorri beharko litzateke ideia-oldarra, ezta? Aitzitik, ez hotz eta ez bero daude. Badirudi odol hotzean asumitzen dituztela demokrazia ezaren ondorioak, lege markoa baita egitasmoaren printzipioa eta muga. Orduan, zer dela-eta baietz esan lege proposamenari? Zer dela-eta ezetz borobil batekin erantzun EAJ-EA-EBren jukutriari? EHAK-ko parlamentarien esku utzi nahi da, Erromako antzinako zirko emanaldietan bezala, kontsultaren burutzapen osoa, erpuruaren gora-beherako mugimendua medio, kontsulta egin ala ez egin, nola hala bere ardura bailitzan. Baita zera ere!
Barrenak agintzen didanak ez du zerikusirik ohiko bozka moldeekin. Hau da, egiten duguna egiten dugula, ikasbidea odolbide bilakatzen dute. Hortaz, legebiltzarreko bederatzi boz horiek modu bakar batez dantzarazi behar direla uste dut: bere ahalean, oiloa lumatzeko erabili beharko lituzke EHAK-k. Ibarretxe, bere blog-kideak zein aholkulariak, EBB, Madrazoren kluba, NaBai-ren lotsagabetasuna eta EAren izaera bipolarra agertu, eta bero dezatela haiek kontsultaren arrautza, guztiz lumaturik, diren eta duten guztiarekin, ea ernaltzeko gai diren. Auskalo ekainaren 27ko osoko bilkuran egoterik izango duten, Garzónen zilipurdiak ezagunak dira-eta, baina aukera izanez gero, esaera zaharra gogoan sakatu dezatela bozka-botoia: «Jokoa ez da errenta, oiloa hobe erreta».
Koska ez da, beraz, zer egingo duen ezker abertzaleak, azpijoko honen sukaldariek zer egingo duten baizik. Eta gauzak ahalik eta garbien ikus daitezen baliatu behar dugu indar parlamentarioa. Besteak beste, foro horretatik ere kanpo nahi gaituztelako. Arriskutsua da oso soilik geureari begira bozka ematea, herri-interesaren interprete bakarrak ez baikara; baina are arriskutsuagoa litzateke erdibidean geratzea egokitzat hartzea, indarrak metatzeko baino gu bazter utzita beren botere-gosea asetzeko baliatuko bailukete oilantzeko alderdiek. Katu beltza, katu zuria, saguak harrapatzen dituena nahiago. Baietzaren aukera, ezetzaren aukera, iruzurra ekiditeko eta iruzurtien lumak banan-banan kentzeko hautu adimentsuena behar du Euskal Herriak. Historikoki, erabakitzeko ahalmena eta gatazkaren soluziobidea tinko eta zintzo defendatu dituztenengan daukat konfiantza osoa. Ekainaren 27an, chicken grill Gasteizen.