Tolosa Amaiera
Galdu arren, Avironek bi puntu batu ahal izan ditu Tolosako handiaren zelaian
STADE TOULOSAIN 35
AVIRON 28
J.L. | BAIONA
Avironek galdu egin zuen denboraldiko azkeneko partida, baina defentsan lortutako puntu gehigarria eta erasoan egindako beste bat batu ahal izan zituen atzo Tolosan, Stade handiaren aurkako neurketan.
Atzoko norgehiagokak ez zeukan aparteko garrantzirik, Tolosako taldeak finalerdiak jokatzeko txartela segurtatuta zeukan, eta Baionakoak, beste aldetik, mailari eusteko txartela ere bai. Beraz, bi taldeek ikuskizuna eman nahi izan zuten, eta bietan, denboraldian zehar minuturik gutxien izandako jokalari batzuek izan zuten aukera.
Bi taldeek oso norgehiagoka ikusgarria eskaini zuten, eta Tolosako zelaian batu ziren 19.000 ikusleek gozatu ederra hartu ahal izan zuten. Bietako inork jokoan ezer ez izateak lagundu egin zuen, eta biek erasora jo zuten. Hori nabaritu egin zen, guztira bederatzi entsegu egin baitzituzten, eta gaur egungo errugbi profesionalean halakorik ikustea ez da batere erraza, baina atzo hala gertatu zen.
Avironek lotsagabe hasi zuen neurketa, eta aurrean Ligako talderik indartsuenetakoa izan arren, ederki eutsi zion, eta estu eta larri izan zuen Stade, Liga irabazteko talde faboritoeneteko bat. Lapurtarrek amaieran bi puntu eskuratu ahal izan zituzten, eta ez dago gaizki horrelako altxorra ateratzea Tolosatik, eta Liga bederatzigarren amaituko dute. Lapurdiko hiriburukoek azken urte hauetako mailarik onena eman dute, eta hemendik aurrera horrela jarraitu nahi dute. Dourthek atzo jokatu zuen azken aldiz Avironekin.