GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ebro askatu eta ibaira!

Ebro gaixoa, zer hintzen eta zer haizen! Hire ertz batean hiriko zementua, bestean Expoko zementua, eta hori gutxi bailitzan, erdian zer eta zebra muskuilua! Akabua! Eta ertzetik oso gertu zer eta basilika! Akabuaren akabua! Pirinioetan errekako ur garbi jaio, beheko ibarrera ibaiko ur uher heldu, bertako lautadatik ubideko ur lohi pasa, zebra lagun, Mequinenzako urtegitzarrean denbora batez presatu ur preso izan, espetxe bateko ziegara kilowatt modura bidalia izateko arriskupean, eta azkenean, presatik libratu ezkero, deltako bokalera zauri ur iritsi. Ez, ez duk erraza hire bizimodu eraldatua. Expok bortxatu egin hau, desjabetu, bideratu, mantsotu, estutu, zuzendu, hiriratu... baina menderatu? Ez, ez hau menderatu. Aprobetxatu hurrengo euri jasa bortitzak hirea dena berreskuratzeko, zementuari indarraren arrazoia eta arrazoiaren indarra, naturaz, zeinek dauzkan gogorarazteko; gainera, behar ez baduk ere, klima aldaketa ipini ahal duk aitzakia. Baina hori gertatu bitartean ibai bortxatua haiz, garapen iraunkorraren izenean bortxatua, gainera. Hipokresia gero! Expokresia, halako erakusketa handizale bat garapen iraunkorraz estali gura izatea. Garapen iraingarria. Hitzak gero eta hutsalagoak dira. Azala baino ez dute. Barruan hutsa da nagusi, aste honetako egun batzuetan hainbat supermerkatutako apalategiak bezain huts. Zenbat bainuontzi olioz beteak izango ziren egunotan! Zenbat janari zakarrontzira botako datozenetan iraungitze-data iraungita!

Mundu injustu batean bizi gara, Ajuria Eneako maizterrak lehengoan esana. Hemen bizitzeak merezi badu, gauzak aldatzeko da gehitu zuen hitzaldi berean. Eta? Zertarako balio dute gidoiko berbok, gero modu oso diferentean ulertzen badugu batzuek eta besteok injustizia edo aldaketa hitz horien azalak ezkutatzen duen barrena? Gero aldaketaren alde egiten dutenak atez ateko gaueko zerbitzuan atxilotuak badira justiziaren izenean? JustiCIA esaten diote AEBetan. Gainera, aldaketaren giltza zein den zehaztu zuen: Demokrazia parte hartzailea da aldaketak mundu justuan egiteko era. Bai, eta? AHT. Irlandarrek esan berria dute, Europa horri ez! Hau kolpea, negoziazio politikoaren bidezko prozesua goraino eraman zuten horiek batasuna legez kanpo utzi, Europakoa esan nahi dut. Ama, ama! Zein den zaila hitzak egoki erabiltzea! Ebro askatu! Hau bai erraza!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo