GARA > Idatzia > Pilota

Berea ematen badu, Barriola faborito garbia da

Joxemari ETXENAGUSIA | Pilotari ohia

Abel Barriola irtengo da finalerako faborito garbi gisa eta normala da, lehendik egindako ibilbide bat daukalako, lehen ere txapeldun izandakoa baita. Bengoetxeak txapelketa bikaina egin du, baina Abel nagusitzen zaiola iruditzen zait, berea ematen badu, Barriola faborito garbia dela iruditzen zait. Manomanista ona izateko ezaugarrien aldetik, Barriola gehiago dela iruditzen zait.

Oinatzek, bere aldetik, dena eginda daukala uste dut, oso pilotari handia da, baina nire ustez, buruz buru jokatzeko koadro eta erdi bat gehiago jotzea falta zaio. Irabazteko asko arriskatu beharko lukeela ere iruditzen zait, eta denak ondo irten behar, eta hori oso zaila da.

Hala ere, Barriolak azken egunetan behin eta berriz esan duen bezala, finalak partida bereziak dira eta gauza askok baldintza dezake txapelak noren burua jantziko duen. Urduritasunak eta erantzukizunak beti eragina izaten dute, askotan, oso faborito izate horrek gehiago eragiten die, eta txapelketan bertan ikusi da Aimar berari zer gertatu zitzaion, faborito garbia izanda kalean geratu baitzen. Nerbioak edo zerbait pasa zitzaion bere buruarekin, eta Oinatzek bikain aprobetxatu zuen ezustekoa emateko.

Abel azken urteetan zortea aurka izan duen pilotari bat da. Finaletan ez du eman ligaxkan edo finalerdietan eman duen maila, eta huts egin du. Gainera beti arerio gogorrak tokatu zaizkio parean, baina nik uste dut bihar txapeldun irteteko aukera handiak dituela.

Final honek, gainera, badu berezia egiten duen zerbait, izan ere, orain dela 31 urte Gorostiza eta Ariño IV.a atxondotarrek elkarren aurka jokatu zutenetik, ez dira izan herri bereko bi pilotari finalean aurrez aurre. Bi finalistak Leitzakoak izateak ez luke eraginik izan beharko bietako inorengan. Herriko jendea joango zaie animatzera, bakoitzak bere lagunak izango ditu alde eta giro polita izango da. Bakoitzak berearen alde eginda, giro polita izango delakoan nago. Finaletan zaila izaten den arren, ea partida polita eta lehiatua ikusteko moduan izaten garen, eta halakoetan esaten den bezala, onenak irabaz dezala.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo