Internazionalismoa, Israeli boikota eta elkartasuna batu dituzte jai giroan Elorrion
Internazionalismoa, Palestinako errealitatea, Israeli eta Coca-Cola-ri boikota eta herrien arteko «joan-etorriko» elkartasunak bat egin zuten atzo jai giroan, Askapenak Elorrion antolatu zuen Internazionalista Egunean.
GARA |
Umeek zein helduek beste herrialde batzuetako errealitatea ezagutzeko parada izan zuten atzo Askapenaren eskutik. Urtero bezala, Internazionalista Eguna antolatu zuen, aurten, Elorrion. Goizean goizetik, adin guztiei begirako ekimenak egon ziren. Haurren txokoan, esaterako, txikiek Palestinako kantak ikasteko aukera izan zuten muralak margotzen zituzten bitartean. Aldi berean, baina, Zisjordanian, zazpi bat zauritu egon ziren. Ehunka lagun Israelgo Gobernuak eraiki duen hormaren kontra manifestazioa egiten ari ziren Belenen soldaduek bidea oztopatu zietenean.
Palestinako errealitate gordina salatzeaz gain, Euskal Herriari elkartasuna erakutsi dieten lagunak gogoan izan zituzten Elorrion -Irlandako, Kanadako, Pariseko, Alemaniako, Herrialde Katalanetako, Italiako, Madrileko edo Valladolideko hainbat talde, besteak beste-. Udalak harrera ofiziala egin zien, eta Askapenak oroigarri bana eman zien omenaldi gisa.
Herri bazkariak 200 lagun inguru bildu zituen. Aurretik, Israeli eta Coca-Colari boikot egitearen alde bertso-poteoa egin zuten. Aipaturiko freskagarria ekoizteko Chiapaseko indigenei ura kentzen dietela, eta Kolonbiako sindikalisten heriotzekin duen zerikusia salatu zuten. Izan ere, «Boikotak piztuz, elkartasuna eraiki» lelopean manifestazioa egin zuten.
Bazkalostean, Askapenak bete dituen hogei urteak irudien eta musikaren bidez gogora ekartzeko unea iritsi zen. Urte hauetan guztietan, «joan etorriko» elkartasuna zabaldu dute Nikaragua, El Salvador, Palestina, Irlanda, Ekuador, Txile, Argentina, Katalunia, Korsika, Kuba, Galizia, Mexiko, Uruguai edo Panamara. Hori abiapuntutzat hartuta, internazionalismoa «herriek inperialismoaren aurka borrokatzeko ezinbesteko tresna» dutela adierazi zuen Unai Vázquezek, Askapeneko kideak, Arriola antzokian eginiko ekitaldi politikoan.
«Estatuei eta transnazional inperialistei ezetza eta herriei baietza emateko» beste herrialde batzuetatik jasotako deia bere egiten dutela gaineratu zuen. Internazionalismoa «herri bezala eta arloz arlo lantzeko» beharra plazaratu zuen Askapenak.