GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Eroski prezioen igoeraren aurrean

«Elikagaien prezioen igoera luzaroan iraungo duen arazoa da»

p008_f01_250x148.jpg

Agustin Markaide
Eroskiko zuzendari nagusia

Elikagaien prezioek altuak izaten jarraituko dutela uste du Agustin Markaide Eroskiko zuzendariak. Horren erakusle da Eroskik dagoeneko aldaketak nabaritu dituela kontsumitzaileengan. Ez dute produktu gutxiago erosten, baina bai merkeagoak. Elikagaiak ez diren produktuetan, berriz, erosketak atzeratu egin dituzte. Hala ere, oporretako gastuak ez dira murriztu eta bidaiak berdin saltzen ari dira.

Pablo RUIZ DE ARETXABALETA |

Agustin Markaide Eroskiko zuzendari nagusiak elikagaien prezioen igoera luzaroan iraungo duen arazoa dela uste du, baina errua ez dela banatzaileetan bilatu behar nabarmendu du. Kontsumitzaileak dagoeneko erosteko ohiturak aldatu dituztela nabaritu du Eroskik. Bestalde, kooperatibaren aurtengo emaitzetan eragina izango du egoera honek eta irabaziak motelagaoak izango dira, aurreikusita zegoen egoera bada ere.

Lehiaketa Epaitegiko presidentearen kritikei erantzun zenien Eroskiren prezioak KPI orokorra baino gutxiago igo direla esanez. Zerk eragin du, beraz, prezioen igoera hau? Zein da erruduna?

Mundu osoan prezioak igotzen direnean, ez dakit toki txiki batean erruduna bilatzeak zentzurik duen. Joan zen urtean polemika bat egon zen elikadura gaien prezioak Euskal Herrian Espainain baino gehiago igo zirelako, baina joan den maiatzeko datuetan, urte oso baten eboluzioa hartuta, elikadura gaietan Euskal Herriko inflazioa eta Estatukoa berdinak dira. Ez du zentzurik leku eta momento konkretu batean erruduna bilatzea horrelako egoera estruktural batean. Orduan zerk eragin du igoera? Demanda eskaera baino askoz handiagoa dela mundu osoan, lehengai batzuk prezioak gora bultzatu dituztela eta, horren ondorioz, lehengai horiek erabiltzen dituzten produktu guztien prezioek egin baitute gora. Eta, ondorioz, berandu edo goiz, denok amaitzen dugu prezioak igotzen. Bitartean, erdian gauden guztiok sufritu egiten dugu estruktura berrira moldatu arte. Gainera, momentu hauetan, prezioak igotzen ari direnean, gure marjinak gutxitu egiten dira, ez dira haunditzen. Sektorean gabiltzan guztiok prezioak igotzen azkenak izan nahi dugu.

Kontsumitzailea horrelako prezio altuekin bizitzera ohitu beharko da?

Itxuraz, hau luzaroan iraungo duen arazoa da, iturburua ez baita, adibidez, urte batean uzta txarrak egon direla. Duela urte pare bat, olioaren prezioa asko igo zen eta, hurrengo uztan, berriz jaitsi zen bere neurrira. Baina oraingoan ez da produkzioa murriztu, eskaera handitu da. Eta ez dirudi eskaerak atzera egingo duenik. Produkzioa gai izango al da maila berrira heltzeko? Ez dakit horrenbesterako produkziorik egongo den.

Bertako ekoizleen egoera ikusita, zer konpromiso hartzen du Eroskik hemengo nekazariekin eta abeltzainekin?

Euskal Herriko ekoizleekin nahiko dependentzia handia dugu betidanik. Izan ere, hemen jaio ginen eta hemengo produktuak apaletan mantendu ditugu. Andaluzian nahiko gauza ezberdinak saltzen ditugu hango denda peto-peto batekin alderatuz; normalean inguru hartan ez dago Gernikako piperrik aurkitzerik. Hemengo produktuek lagundu egiten gaituzte gure bidaian. Edozein hornitzailek bere jaioterriko ekoizleekin du lotura. Ez da arraroa banatzaile frantses batean nahiko produktu frantsesak ikustea.

Krisiaren eragina nabaritu duzue kontsumitzaileengan?

Elikadura munduan salbu gaude, azken batean, beti jan behar delako. Salmententzat ona dela pentsa zitekeen, azken finean garestiago saltzen duzulako, baina jendeak bere portaera aldatzen du. Jendeak gauza merkeagoak erosten ditu beharrak diru gutxiagorekin asetzeko. Fruta edo yogur garestiagoak erosi beharrean merkeagoak erosten ditu. Nabaritzen ari da nolabaiteko aldaketa produktu merkeetera eta, ondorioz, gure markako produktuen salmentak asko igotzen ari da.

Eta produktu orokorretan?

Orokorrean elikagaieko produktuak ez direnak sartzen baditugu, nabariagoa da aldaketa. Etxetresna elektrikoetan, bazarreko produktuetan edo kirol produktuetan erosketak atzeratzeko erabakiak hartzen ari dira kontsumitzaileak. Salbuespena bidaiak dira. Bidaietan ez da oraindik hala gertatzen.

Nabarituko da joera hori aurten Eroskik izango dituen emaitzetan?

Marjina oso estua da eta helburuen inguruan ibiliko gara. Baina gure aurtengo helburuak motelagoak dira, joan den urtean baino helburu txikiagoak aurreikusi baikenituen.

Joan zen Aste Santuan Eroski jaiegunetan irekitzen saiatu zen, nahiz eta hori ez duela egingo hainbat aldiz esan.

Hori beti gertatu da hiru jaiegun jarraian izan direnean. Guk erabakita dugu jaiegunetan ez dugula zabaldu nahi, baina salbuespen bat dago: hiru jaiegun jarraian daudenean. Eta zabaltzeko saiakera egin dugun guztietan, hor egon da berriz eztabaida bera. Gure jarrera duela hamazazpi bat urte hartu genuen. Ordutik ez dakit zenbat aldiz aztertu dugun gure organoetan eta beti pentsatu dugu hori dela konpromiso egokia. Helburua garbi dago: jaiegunetan ez zabaltzea eta hiru jaiegun jarraian daudenean irekitzea. Hortan saiatzen gara.

Hiru egunen kontua zer da, salbuespena edo gero jai egun gehiagotan ere zabaltzeko bide bat irekitzeko modua?

Ez, Ez dugu jaiegunetan zabaldu nahi. Hori ez dugu bulego batean erabaki. Hori bazkideek erabaki dute organoetan. Eta bazkideek ez dute egin gero jaiegunetan zabaltzeko. Jarrera irmoa da. Estatu osoan bera egitea nahi genuke, baina leku askotan ezin dugu gure lehiakideek ireki egiten dutelako eta guk egoera horretara moldatu beharra dugulako bezeroak eta merkatua ez galtzeko.

Estatu espainolean, jaiegunetan zabaltzen duzuen tokietan, jendeak erosteko ohiturak aldatu ditu?

Bai, dendak jarraian zabaltzen badu, jendeak bere portaera aldatzen du. Madrilen nabaria da: jendeak igandea erabiltzen du erosteko, denda asko zabalik daudelako.

«Langileek oso baiezko garbia eman diote kooperatibista bihurtzeko prozesuari»

Nola doa Katalunian eta Madrilen Capraboren sarean hedatzeko prozesua?

Horretan gabiltza. Denda asko aldatzen ari gara Eroski izena jartzeko. Ez dugu denda guztiekin egingo. 500 denda ziren guztira eta 300 dendek Caprabo izenarekin jarraituko dute. Uste genuen baino errazagoa izan da. Prezioak aldatzen ari gara, Caprabrorenak altuagoak baitziren. Eroskiko produktuak ere sartzen ari gara. Bezeroak oso azkar erreakzionatu du. Ez genuen espero Katalunian izan dugun hazkundea izatea. Prozesua aurten amaituko dugu aldatu beharreko denda guztiak aldatuta. Nafarroako dendak, berriz, kooperatibako dendak bihurtuko dira eta bertako langileak, Eroskiko bazkideak.

Nola doa talde osoko langile guztiak kooperatibista bihurtzeko prozesua?

Aurten egingo dugu zailena. Bigarren mailako kooperatiba osatuz amaituko dugu urtea, baita pausu guztiak emanez gutxienez bi kooperatiba bigarren mailako kooperatiba horretan sar daitezen. Urte honen amaieran edo datorren urtearen hasieran burutuko da hori. Bazkideen artean kontsulta bat egiten ari gara hasierako kooperatiba horien bazkide izango direnen artean -supermerkatuetako kooperatibak eta hipermerkatuetako kooperatibak-. Eta proiektuaren aldeko adostasuna ia erabatekoa izan da: % 95 inguruk eman du baietza eta dirua jarriko dutela esan dute. Urrian izango da ezohiko batzar nagusia bigarren mailako kooperatiba hori osatzeko. Gero, bi kooperatiba horiek -supermerkatuak eta hipermerkatuak- gehituko dira eta, hurrengo urteetan, beste guztiak gehitzen joango dira. Azkena Caprabo izango da; ez dakigu noiz izango den gai kooperatiba bihurtzeko.

Supermerkatuko kooperatibaren parte izango dira Caprabako dendak edo berezko kooperatiba osatuko dute?

Bideragarritasun plana jarraitzea eta gure kudeaketa eredua jartzea dugu lehentasuna, eta hori finkatzen denean, orduan hasiko gara kooperatiba bihurtzeko urratsak ematen. Urte batzuk pasako dira.

Baduzue beste enpresarik erosteko asmorik?

Seguru. Azken urteetan dozena bat enpresa erosi ditugu. Eta hurrengo urteetan, seguru gehiago erosiko ditugula. Dendekin erosketen bidez baino gehiago hazten ari gara, baina ziur enpresa interesgarriak aterako direla. Beti dago mahai gainean dossierren bat.

Autogestioa kudeaketa eredua sustatzeko asmoa ere baduzue.

Aurten da 2005-2008 plangintza estrategikoaren azkenengo urtea. Eta autogestioa gehiago bultzatu behar genuela erabaki genuen. Bi urte behar izan genituen hori zer zen jakiteko. Eta aurten erabaki dugu eredu hori zeharo zabaltzea hipermerkatu guztietara eta supermerkatu gehienetara, kooperatiba bihurtuko diren supermerkatuetara. Milaka bazkide sartzen ari dira autogestio modelo horretan. Baina hori lehen urratsa besterik ez da. Proiektu honek ere urte askoz jarraituko du, gehiago sakonduz. Denden antolaketa aldatzea baino, estrategia aldaketa bat nahi dugu: denda bakoitza enpresa independentea izatea eta bere portaera Eroskiri beharrean merkatuari eta bezeroari bideratzea nahiko genuke, baita denda bakoitzak bere erabaki komertzialak hartzea. Hori nahiko aldaketa sakona da eta nola egin ikasi behar da. Pausu horiek hurrengo urteetan emango ditugu. Orain eredu aldaketa egiten ari gara egiturak aldatu gabe; hurrengo urratsa, egiturak aldatzea izango da. P.R.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo