Julen MURGOITIO
Sasoian sasoikoa
Klima aldatzen omen da, euskal politikaren klimaxa momentuz aldatzeko aukerarik sumatzen ez den honetan. Oraindik ere bada hirigunetik kanpo bizi eta esparru horretan gertatzen dena behatzeko ohitura duenik; iraunkorra diotsaten mundu honetan desagertzeko zoriko espeziea, seguruenik. Horien esanetan aurreratu egin da zuhaitz-arbolen loraldiaren hasiera eta txoriak berak lehenago hasten omen dira kantuka. Nik, behatzaile izateko bidean nagoela, zera gehituko nuke klima aldaketaren seinale modura: euliak lehenago hasten dira sudur puntan pausatzen, sudurluze batzuk kanoikadaka akabatzen saiatu arren; eta satorrak lehenago hasten dira lurpean zulotan, eta beranduago amaitzen ere. Klima aldaketaren balizko beste froga hauxe, dendetan lehenago hasten dira orain beherapenak. Nonbait udaberria busti antz handikoa izanak ez du lagundu udaberriko arropa saltzen; hortaz, aspaldian da jakina udaberria ez duela klimak egiten, modak baino. Sasoian sasoikoa esaera hori beti izan dut nik gustukoa, beti pentsatu dudalako uneko klimak eskaintzen duena baliatu behar dela unean. Baina itxura batean, bada kontrakoa ulertzen duenik ere, hau da, uneko modak agintzen duena bere horretan onartu behar dutela iragarpenek unean une eta klimak hauei men egin. Dena dela, Deba bailara moduko haran estuetan laster batean gaueko moda nagusituko da dendetan urte osoan, egunez ere propio erabiltzekoa, hainbeste garraio bide-zubi eta zubi-bide izanda, eguzki izpiak ez baitira kaleraino helduko, udako solstizioan ere ez
Abiaduraren diktaduran bizi gaituzte. Dena arin izan behar, arinkeriaz bada ere. Horra ostiralekoa, kasuko. Gasteizko Ganberan gutxiengoa gainditu zuen gehiengo batek erabaki bat hartu eta erlojuko orratzak hurrengo urratsa egin orduko hara non ehunka kilometrora beheko estatuko bozeramaileak helegite baten berri, zaharra berri, eman zuen. Sasoian sasoikoa han ere, sasoi bakarra legez ulertua. Gauzak horrela, Gasteizkoak Ganbera baino ganbara itxura du hartua, ezezkoen bilketa egin eta gordetzeko ganbara. Beharbada, horrexegatik zioen orain gutxi Ajuria Eneko maizterrak eskailera mailaz maila igo behar dela; ganbarakoaz arituko zen! Tira, unean unekoa, kontsulta-legea izan badugu. Kontua, ostera, zera da: kontsulta bai, badugu, baina medikua eta agenda eurek dute! Eta gu gaixo. Alemanian diotenez, Herein bolie!