BERRIA | Amagoia Iban 2008/6/28
Historikoa
Arnaldo Otegi. Huraxe eduki nuen buruan atzo, Gasteizko Legebiltzarreko bilkuraren berri ematen hasten zitzaizkidan guztietan. Jarraitu ahal -eta nahi- ote zuen Gasteizko ikuskizuna? Jone Goirizelaiari aste honetan entzun diogu Euskadi Irratian laster irtengo dela libre, inork gutxik aipatu du kartzelan dagoela, ezta Sozialista Abertzaleetako legebiltzarkideek Ibarretxe Planari hiru boto emango zizkiotela esatean 2004ko abenduaren 30ean eman zuen ezustea gogoratu dutenek ere. Zenbaiten kartzela egonaldiak ez dira historiara pasatzen, bistan denez; Otegiren Legebiltzarreko ezuste gogoangarri hura (...) historikotzat jo behar ote den, galdetu Ibarretxeri. Atzoko eguna historikoa ote den, berriz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak esan behar omen digu. Euskadi Irratiko kazetari zenbaiten atzoko galderak entzunda, ezetz ematen zuen, Espainiako selekzioaren bezperako Eurokopako garaipenarekin tematu xamar zeuden eta. Noski, garaipen hori historiara pasea da jada, inoren sentimendu nazionalarekin zerikusirik ez daukan fenomeno bitxi bati esker. Tira, lan historikoak aspaldidanik saltzen dira oso ondo. Sasi-historikoak, are hobeto. Eta futbol partidak, legebiltzar ala auzitegiren batean jokatuta ere, zer esanik ez.