NOTICIAS DE GIPUZKOA | Estitxu Fernandez 2008/6/24
Ez naiz ni, zurekin ahaztu dena
Libre gara nahi duguna pentsatzeko, nahi dugun ideologia izateko. Eta libre gara geure ideia politikoak jendaurrean adierazi eta defendatzeko. Libre garenez, sarri pentsatzen duguna ez azaleratzea erabakitzen dugu ordea. Hori da askatasuna, erabaki ahal izatea. Herri honetan maiz hobe izaten da ixilik egotea, bada ez bada ere. Denok dakizue zeri buruz ari naizen. Zer irabazten du orduan, bere irudia alderdi politiko batekin lotzen duen pertsona ezagunak? (...) Zilegi al da ezaguna den jendeak alderdi politiko jakin baten alde egitea jendaurrean? Eta pertsona horrek erakunde publiko batean lan egiten badu? Eta erakunde hori komunikabide bat delarik? Zilegi al da komunikabideko irudi eta era berean alderdi politiko bateko irudi izatea? Ez naiz ni, erantzunen duena.
Aurten, bortzpasei ekitalditan Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariarekin egin dut topo. Guztietan, bera izan da protokoloari kasurik egin ez dion bakarra. Lankide batek dio hori ere protokoloa dela. (...) Ibarretxerena ez dakit protokoloa den ala itxurakeriaz potrotaraino dagoen seinale, baina gizon sanoa ez ezik, azkarra, zentzunduna, borondatetsua eta jatorra ematen du, begibistakoa da irudi ona duela. Euskal Herria, eta euskal kultura, eta euskaldunak, eta euskara, munduko plazan kokatu nahi dituela ekitaldi batean bai eta bertzean ere bai, (euskaraz eta paperik gabe) erraten duelarik, sinetsi egiten diot; eta orduan, nik ere erraten dut, galde diezadala, galde diezadala behingoz! Erantzun nahi dut, parte hartu nahi dut, nire hitzak balio duela sentitu nahi dut. Eta igual zait baita galdera bera ere. Gogaitu nau zirkoari begira egoteak, trapezista izan nahi dut, pailazo izateko arrisku latza dagoela jakitun. Galdetzea nahi dut. Aiba! Baina ni nafarra naiz...