Festa itzela izan dute asteburuan Diman, baina jaia ez da amaitu
Ostegunean jaurtitako txupinazoaren oihartzuna oraindik ere aditu daiteke. Rock taldeek ikuskizun bikaina eskaini ostean, goizaldera arte luzatu da jaia Diman. Euskal preso eta errepresaliatuen aldeko ekitaldia ere ospatu da bertan. Gaur, dantzak, bertsoek, musikak eta antzerkiak beteko dute eguna. Lehenengo ekitaldia, hala ere, eguerdiko meza.
GARA |
Diman festa zaleren bat kalean ibiliko da oraindik ere, etxera bueltatu ezinean. Atzo pilota partidak eta eskalada izan ziren arratsaldez, baina gauean berotu zen Arratiako herri honetan giroa, ondo berotu .
Jaik, Habeas Corpus, Koma eta Maiur-en eskutik musika kontzertua izan zen eta, tartean, euskal preso eta errepresaliatuen aldeko ekimena ere izan lehenengo orduan.
Baina barrea eta umore ona ostegunean hasi zen; txupinazoa bota ondoren herri afaria eta dantzaldia izan ziren eta, askotan gertatzen den moduan, neke itzela izan zuten batzuk lehenengo eguna ongi gozatu ostean. Ostiralean, berriz, umeen txanda izan zen; puzgarriak, motorrak eta, ohitura bihurtu dena, Pirritx eta Porrotxen bisita izan genuen berriro ere.
Gauez, Oskorrik taldearena izan zen, bere musika alaiarekin herriko giroa berotzearen ardura eta, ondoren, Triki ta Ke taldea izan zen oholtzan soinuekin, berandura arte.
Horiek ikusita, egitarauari begiratu bat eman beharko zaio gaurko festak zer eskaintzen duen ikusteko; 12.00etan meza izango da eta 12.45ean Dimako Gazte Barri dantza taldeak ikuskizun bikaina eskainiko du.
Bertsolariak
Arratsaldean, berriz, Arantza eta Pantxoren txanda izango da, 18.00etan hain zuzen, eta ordu eta erdi beranduago, 19.30etan, dimarrak irrikaz dituen ekitaldia, bertsolarien eskutik. Aurten, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Xabi Paya eta Aitor Mendiluze laukotea izango da plazan bertso saioa eskaintzen.
Gaur, Diman ez da aurreko egunetan izan den musika ekitaldi edota erromeriarik izango. Musikaren tokia antzerkiak hartuko du, eta iluntzeko 21.00etan, Vis a vis antzerki taldearen antzezlana ikusteko aukera izango dute dimoztarrek.
Bihar, astelehena, jaietako azken eguna izango da Diman, San Pedro jaiak bukatuko dira eta datorren urtera itxaron beharko dute dimarrek berriz ere jaietan murgiltzeko. Azken egun honetan, goizean, nagusientzako ekitaldiak izango dira. Berriro meza ospatuko da, eguerdian eta, 13.00etatik aurrera, egun 85 urte dituzten Dimako herritarrei omenaldia eskainiko zaie.
Nagusientzako bazkaria
Geroago, eta nagusiei zuzendutako ekimenekin jarraituz, 65 urtetik gorako herritarrentzat bazkaria eskainiko da 14.00etan. Arratsaldean, 16.00etan hain zuzen, herriko trikitilariak ibiliko dira herriko kaleetan barna eta hor ere izango da dantzan aritzeko aukera .
Asteleheneko egitarauarekin jarraituz, 18.00etan tortilla txapelketa hasiko da, eta sabela ondo bete eta gero, jaiak aho zapore gozoaz bukatzeko, txokolate-jana eskainiko da 19.00etan.
Herriko Gazte Barri dantza taldearen ikuskizuna izango da gaur, eta arratsaldean bertsolariek saioa eskainiko dute Dimako plazan.