GARA > Idatzia > Ekonomia

Bertoko flota mantentzea eta ontziak kanpoan ez saltzea eskatu du LABek Ondarroan

Bertoko flota osoa mantentzea eta ontziak Euskal Herritik kanpo ez saltzea dira, besteak beste, LABek arrantza sektorea defendatzeko egin dituen eskaera nagusiak .

p038_f02148x100.jpg

GARA |

Arrantza sektorearen etorkizuna defendatu behar dela nabarmendu du LABek Ondarroan, Kalamendi eta Intxorta-Mendi ontzien aurrean, urte osoan kaian, itsasoratu gabe, egon diren Pesqueras Intxorta enpresako itsasontzien aurrean hain zuzen. Ontzi hauek ezin direla atzerrira saldu eta Ondarroako flotan jarraitu behar dutela defendatzen du LABek.

«Argi dagoena zera da: bi itsasontzi hauek urte bete daramatela portuan geldirik. Zein da horren arrazoia? Akziodunen familia eta ekonomia interesak. Horregatik amarratu dituzte itsasontziak eta itxi dute Intxorta enpresa», salatu du sindikatuak. Erakunde eta organismo anitzetara jo dutela eta «hitz hutsak» baino ez dituztela jaso gaineratu zuen.

Gauzak horrela, eta Lakuak eta diputazioek iragarritako inbertsioen harira, arrantzan zergatik ez duten inbertsiorik egiten galdetzen du: «Zer nahi dute kostalde osoan turismoa bultzatu eta herri arrantzaleetan kirol portuak egin?». Hala, Arrantza sailari honakoa eskatzen dio: «Onar dezala dagokion erantzukizuna eta jar ditzala behar diren bitartekoak gure arrantza flota mantentzeko».

Sektorean defentsan, bertoko arrantza-flota osoa mantentzea, Euskal Herritik kanpo ontzirik ez saltzea, eta ardura erroldak eta lizentziak herriaren esku gera daitezela eskatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo