GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Euskal Unibertsitatea

Abiapuntu berria eta, ustez, behin-betikoa jarri diote eginkizunari

Euskal Unibertsitatea sortzea dute xede. Aspalditik ari dira lanean, ez dute amore eman, eta lortuko dutela baieztatu dute. Alfabetatzea eta euskalduntzea, komunikazioa, kulturgintza, hezkuntza, formakuntza akademiko eta sindikala, euskararen normalkuntza eta nazio garapena bat eginda ageri dira jaio berri den Euskal Unibertsitatearen aldeko fundazioan. Abiapuntu berria eta, ustez, behin-betikoa jarri diote gaurgero hamaika saio izan dituen eginkizunari.

p004_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Bultzatu nahi duten elkarlanaren erakusgarri, gizartean esanguratsuak diren erakunde ugaritako ordezkariak bildu ziren atzo Donostiako Kursaalen: Euskarazko Komunikazio Taldeko Joanmari Larrarte; Elkar Fundazioko Joxemari Sors; Nazio Eztabaida Guneko Maite Aristegi; Kontseiluko Xabier Mendiguren; UEUko Lore Erriondo; Ikastolen Elkarteko Koldo Tellitu; AEK-ko Mertxe Mujika; eta Ipar Hegoa Fundazioko Iñaki Gonzalez Murua.

Hasierako fundatzaile horiek ikuspegi «parte-hartzaile eta zabala» izan nahi dutela azaldu zuten, eta eurekin harremanetan jartzeko eskatu zieten interesa duten guztiei, parte hartzeko, ekarpenak eta gogoetak egiteko, argibideak jaso edo emateko...

UEU Euskal Unibertsitatea sortzeko helburuarekin jaio zen 1973an. Xede bera izan dute han eta hemen euskal erkidego unibertsitarioa osatu duten milaka irakaslek, ikerlarik, ikaslek, langilek eta laguntzailek, baita iragan mendearen bukaeran, besteak beste, AEK-k eta Ikastolen Elkarteak sustatutako bi egitasmo burutugabeek ere: «Joxe Migel Barandiaran» eta «Ikasgu Nagusia». Ildo ugari eta askotarikoak landu dituzte, eta lantzen ari dira gaur egun. Hemendik aitzinera, ordea, aspaldiko haziek «alor egokiago bat» izango dute, fundazioko partaideek helburuari errotik heltzeko borondate sendoa baitute.

Helburu xeheagoak, gutunean

Dagoeneko notario aurrean inskribaturik dago fundazioa, eta helburu nagusiaz gain, xeheagoak ere jasota daude sortze-gutunean: adibidez, euskal herritar guztien partaidetza sustatzeko eta lankidetzan jarduteko asmoa dutela azaltzen dute, eta Euskal Unibertsitatea erarik zabal eta aurrerakoienean ulertzen dutela ere bai. Ez dute bazterreko unibertsitaterik eraiki nahi, ezta martxan dauden ereduen kopia hutsik ere, eta horregatik, euskararen kultur eta hizkuntza-komunitatea garatzeko bideak indartzen ahaleginduko dira.

Halaber, euskaldunon eta erkidego unibertsitarioaren topagune izatea desio dute, alderdikeria, itxikeria eta jarrera baztertzaile ororen gainetik. Are gehiago, herri ekimena dinamizatzeko eta bideratzeko egingo dute lan. Eskura dituzten azpiegitura eta baliabide ekonomikoak Euskal Unibertsitatearen mesedetan erabiltzeko ahaleginak egingo dituzte; irakaskuntzak, ikerketak eta, oro har, kulturak eta jakintzak berezkoak dituzten giza eta gizarte ondareak era egoki, eragingarri eta berritzailean sortu, bultzatu, garatu eta zabaltzeko.

Fundazioko bozeramaileek argi azaldu zuten gaur egungo Euskal Herriko unibertsitate-mapa osatuko dutela. «Euskal Unibertsitatea osagarritasun izpirituarekin jaioko da. Geroak eta gizarteak esango du egindako lekutxoak zein dimentsio hartuko duen», adierazi zuten. Halere, oraingo maparen hainbat ahulgune antzaldatu eta indartu nahi dituzte; unibertsitate-lurralde zatiketa, esate baterako.

Lehen kokalekua: Tolosa

Euskal Herri osorako unibertsitatea dute xede, nahiz eta jakin hasieratik ezingo dutela herrialde osora zabaldu. Urratsez urrats egingo dute aurrera, Tolosatik hasita. Izan ere, Gipuzkoako herri horretako egitasmoa baitago «une honetan campus nagusia izateko egokiera onenean». Nolanahi ere, eskaintza bat baino gehiago izan dituztela jakinarazi zuten, eta Nafarroan egoitza bat izateko «aukera handiak» daudela adierazi zuten.

Oraindik ez dute zehaztu zein titulazio eskainiko dituzten. Lan talde zabal bat ari da horren inguruan hausnartzen, gizartearen premiak eta merkatua aztertzen... Eta azken erabakia adituen mintegian hartuko dute. Hala ere, ez dute eskaintza guztia hasieratik martxan jartzeko asmorik; pausoz pauso egin nahi dituzte gauzak, malgutasunez eta ikuspegi irekiari eutsiz.

Esan zutenez, Euskal Unibertsitatearen proiektuaren behin betiko txostena Lakuako Hezkuntza Sailera igorriko dute, bertan aztertu eta Gasteizko Legebiltzarrean aurkez dezaten. Legebiltzarrak egitasmoa onetsi eta unibertsitatea legez sortu ahal izateko berariazko legea onartu beharko du.

Azkenik, eskerrak eman zizkieten fundazio honen aitzindari gertuenak izan diren Euskal Unibertsitatearen Sustapen Batzordean eta Taldean aritu direnei; Kontseiluari, Nazio Eztabaida Guneari eta UEUri; eta hainbat urtetan nork bere eginkizunetik Euskal Unibertsitatearen garrari eutsi dioten lagun guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo